Txoku
libre eta zabalik egotea aldarrikatuko dute zapatuan (irailak 19), berriz ere, Markina-Xemeinen. Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaiari helegitea aurkezteko epea amaitzear dago, eta konfiskazioaren mehatxua beraz, gainean. Hori dela eta, aldarrikapena gero eta ozenago kaleratu eta Txokuari babesa erakusteko asmoz, ekitaldi bat prestatu dute arratsalderako.
Karmen jaietan ere Txokuari babesa erakutsi zioten herritarrek herri bazkarian.
Txokoaren aurrean bertan izango da gainera, bazkariagaz hasiko den ekitaldia. 14:30ean jarri dute bazkaltzeko ordua, eta bazkalostea herriko bertsolariek girotuko dute, Eneko Arratek eta Iratxe Ibarrak. Ostean, kartelak jarriko dituzte herrian zehar joaldunek eta trikitilariek lagunduta.
Bazkarian izena emateko azken eguna eguena, irailaren 17a, izango da. Txartelak 15 eurotan eros daitezke, ikasle eta langabetuentzat baina, 10 euro balioko dute.
Zapi laranja jantzi eta ekitaldian parte hartzera animatu dituzte herritar guztiak.
Helegitea
Espainiako Auzitegi Gorenak ekainaren 18an Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuenetik konfiskatzeko arriskuan daude 107 herriko taberna, tartean Markina-Xemeingoa. Gorenak 700 orri baino gehiagotan emandako epaia esku artean, bide judizialak agortuko dituztela adierazi zuten elkarteetako abokatuek. Markina-Xemeingo elkarteko defentsa Aitor Amutiok darama, eta epaia jakin zenean Amutiok azaldu duetenez, epaia baliogabetzeko eskatuko diote Gorenari. Horrez gain, ezer ebatzi ostean elkarteen kontrako behin-behineko neurririk ez hartzeko ere eskatuko dute abokatuek. Epaiaren baliogabetasuna eskatzea derrigorrezko pausoa da, ostean Auzitegi Konstituzionalera jo ahal izateko.
Epaiari helegitea jartzeko epea baina, amaitzear dago. Hogeita hamar eguneko epea dute abokatuek Auzitegi Konstituzionalera jotzeko, epaia aztertu eta bide hori hartu ala ez erabakitzeko. Epeak kontuan hartzeko orduan abuztua gaitasungabea dela kontuan hartuta, urriaren hasieran beteko litzateke 30 eguneko epea, eta beraz, Txokua konfiskatzeko arriskua gainean dago.