10:00etatik 14:30etara bitartean, dozena bat erakusmahaitik gora egongo dira elizaren alboko frontoian. Horietan, zer ikusi eta zer erosi izango da: barazki eta ortuariak, artisauak, idiazabal gazta, baserriko ogia, gozoa, sagar zukua, ahatekia, baserriko hanburgesak…
Guztira Lea-Artibaiko 11 ekoizle euren produkturik onenekin aurkeztuko dira azokan. Halaber, bost artisauk euren esku lanak erakutsi eta salgai ipiniko dituzte. Besteak beste, eskuz egindako bitxiak eta erropatxoak egongo dira, eta bestalde, datorren urteko Ibilaldiko materiala ere eskuratu ahalko da.
Gainera, Natividad Picazak abarketak egiteko ikastaroa emango du . 40 euroko kostua izango du, eta material guztia berak ekarriko du. Izena emateko azken eguna bihar da. Udaletxean apuntatu behar da, eta oinetako zenbakia zehaztu behar da plantillak ekartzeko.
Eta aurtengo berrikuntza animalien erakusketa izango da. Ispasterko eta inguruko herrietako zortzi abeltzainen animaliak egongo dira ikusgai. Tartean, behiak, astoak, poniak, euskal artzain txakurrak, ardiak eta ahuntzak.
Jan-edanik ez da faltako; ohitura moduan, txahala erreta dastatzeko tartea ere hartuko dute eguerdi partean. Hain zuzen ere, 11:00etatik 15:00etara parrilan prestaturiko okela erreko dute. Eta txakolina eta sagardoa dastatu ahalko dituzte azoka gunean bildutakoek.
Pilota partidak
Bestalde, eguerdirako pilota partidak prestatu ditu udalak. Lehenengo gaztetxoen erakustaldia egongo da, eta ostean, pilotari profesional izandakoen txanda izango da.
12:00etatik aurrera, Lopez-Aimar eta Arrizabalaga-Joseba bikoteen arteko norgehiagokarekin gozatuko dute pilotalekura hurbiltzen diren herritarrek. Jarraian, Albizua-Anitua eta Okamika-Garro bikoteek jokatuko dute elkarren kontra.
Gero, 13:00ak aldera hasiko da profesional ohien lehia. Asier Olaizolak eta Uriondok, Agirre eta Behobideren aurka jokatuko dute.