Usadio zaharrei eutsita ospatu dute Piñastei Eguna Mutrikun
Ordurako, herritarrak sardina erreak prestatzen hasita zeuden kofradia azpiko arkupean. 11:00ak inguruan biztu dituzte parrillak, eta arrain usaina moila guztian zabaldu da.
Bien bitartean, gainera, Aizabia elkarteko kideen eskutik beti-betiko jolasak egin dituzte moilako sarreran. Besteak beste, bizikleta edota patinete gainean jarrita, sokatik zintzilik zeuden uztai txikiak harrapatu dituzte, eta horrez gain, lurrezko itsulapikoak apurtzen ibili dira, itsu-itsuka. Hainbesteko lanak hartuta gero, gainera, euren saria izan dute eltze apurtzen eta uztaiak harrapatzen ibili direnek.
Horrez guztiaz gain, Mutrikuko zinga txapelketa ere egin dute portuko uretan. Arraun elkartekoen eskutik, garai bateko kirola ezagutzeko aukera izan dute askok. Parte hartu duten guztien artean markarik onena egin duten herritarrak Jon Koldo Romero eta Joxemi Bedialauneta Papardo izan dira. Bien arteko azken buruz burukoa oso lehiatua izan bada ere, hiru segunduko abantailarekin Bedialaunetak jantzi du txapel preziatua. Jarraian, eguerdiko sokamuturra hasi da. Zezenen aurrean ipini eta saltaka egitera ausartu direnek animaliarengandik hurbil ibili dira, adarrei eta helduta. Hainbeste korrikaldi egin eta gero, 14:30ak inguruan amaitu da eguneko lehen sokamuturra. Arratsaldean ere zer ospatua eduki dute mutrikuarrek. Besteak beste, ahateen harrapaketa eta kukaña egin dituzte. Gomazko ahateen atzetik igeri dozenaka haur ibili dira. Kukañan, ordea, bederatzi izan dira ikurrina hartzera ausartu direnak. Ahalegin ugari egin eta gero, Babacar Senek eskuratu du ikurrina eta 50 euroko saria. Arratsaldeko sokamutur jendetsuak agurtu du gaurko eguna. Galbaixoek, ordea, ez dute etenik. Izan ere, domekan ere zer ospatua egongo da Galbaixoko ermitaren inguruetan egingo den Galbaixotarren egunean. EGITARAUA. Irailak 20, domeka- 12:00. Meza hiru auzoetako hildakoen alde.
- 13:00. Omenaldia Jose Manuel Ibiriri.
- Jarraian. Auzokoen arteko herri kirolak eta neska proba.
- Egun osoan. Izer eta Lutxurdixoren erromeria.
- 18:00. Gizon proba: Itziarren eta Mendaroren arteko lehia.