Argazkilaria: Aurrera.
Atzo arratsaldean Zaldupen jokatu zuten Hirugarren mailako bi taldeek. 1-4 nagusitu zen Eibarren filiala den taldea.
Norgehiagoka hasi eta ordu laurden pasatxora Barrenetxeak sartu zuen 1-0-koa. Emaitza horrekin heldu ziren atsedenaldira, eta bigarren zatia hasi eta berehala, Txemik penaltiz egin zuen 2-0-ekoa.
85. minutuan, Aritz Garatek area kanpotik sartu zuen etxekoen gol bakarra, markagailua 1-3 jarriz. Baina, minutu bat beranduago heldu zen Vitoriaren laugarren gola. Endikak sartu zuen 1-4-koa.
Domekan, Bermeon
Aste honetan hitzordu bikoitza dute Hirugarren mailako taldeek. Aurrerak Bermeoren kontra jokatuko du domekan, Itxas Gane futbol zelaian. 17:30ean hasiko da bi taldeen arteko lehia.
Orain arteko bost jardunaldietan puntu bakarra lortu dute ondarroarrek, eta sailkapeneko azkenak dira.
Izan ere, azken lau jardunaldietako partidak galdu egin dituzte. Aurreko asteburuan, 3-0 galdu zuten Zallaren kontra, Landaberri futbol zelaian.
Bigarren jardunaldian, 2-0 galdu zuten Durangoren kontra. Hirugarren jardunaldian, 0-1-eko porrota jaso zuten etxean. Puntu bakarra lehenengo jardunaldian lortu zuten, Alaves B taldearen kontra etxean bana berdinduta.
Bermeok, berriz, bost puntu ditu, eta hamabosgarrena da sailkapenean.
Basconia da liderra 11 puntugaz, eta Balmaseda bigarrenak ere puntu berdinak pilatu ditu orain arte. Deusto hirugarrenak eta Zamudio laugarrenak, ostera, 10 puntu dituzte.