Iker Iribarria eta Iñaki Larrinagak 22-16 irabazi zieten.
Baina, arratsaldeko protagonista Aitor Zubieta izan zen, partida jokatzen ari zirela lesionatu egin baitzen. Martinez de Irujoren bikotea izan zen atzo, Bermeoko Artza pilotalekuan. Aimar Olaizola eta Jon Ander Albisuren kontra jokatu zuten.
Etxarriaranaztarrak ezin izan zuen partida amaitu, ezker belaunean min hartu baitzuen. Partidako lehenengo jokaldietan min hartu arren, jokatzen jarraitu zuen.
Hala ere, lesio larriren bat ekiditeko, norgehiagoka uztea erabaki zuen, 14-9 zihoazela. Beraz, lan erdietan zeudela Olaizolarentzat eta Albisurentzat izan zen garaipena. Pilotazaleek ezin izan zuten lehiaz guztiz gozatu, baina, ordurarteko jokaldietan erakustaldia eskaini zuten lau pilotariek, maila bikaina emanez.
Lau t’erdiko lehia
Txapelketetatik kanpoko partida izan zen atzokoa. Baina, Olaizola eta Irujo kantxan egonik, horien arteko lehia ikusteko jendetza batu zen Artzan.
Punta-puntako lau pilotarien partida bertan behera gelditu zenez, bi aurrelariak lau t’erdian neurtu ziren elkarren kontra. Goizuetako pilotariak 10-9 irabazi zion iberoarrari. Biek elkarren kontra jokatzen duten guztietan bezala, atzokoan ere lehia bizia izan zuten, eta ikusleek emozio handiz jarraitu zuten norgehiagoka.