Stand up padle zaleek jaialdia edukiko dute aukeran domekan, Lekeition
Ur Lekeitiok antolatuta, domekan [irailak 20] Lekeitio SUP Fest 2015 deritzon jaialdia egingo da.
Goizetik hasi eta eguerdira arte, hainbat ekimen egingo dira. Lehenik eta behin, zazpi kategoriatan banatuta, distantzia luzeko lasterketak egingo dira. Guztira, mailaren arabera banatuta, bi lasterketa egingo dira. Bata, profesional mailakoa izango da, eta bestea, amateur eta 18 urtez azpikoentzat. Biak, 10:00etan hasiko dira portuan.
Profesional mailakoek 9.800 metroko ibilbidea bete beharko dute. Besteak beste, Santa Katalina itsasargiaren pareraino eta Garraitz irlaren inguruetatik igaro beharko dute. Horrez gain, Lea Ibaian zehar ere ibili behar dute. 4.500 metroko ibilbide motzean, ostera, Lea ibaian barrena ibiliko dira parte hartzaileak.
Jaialdi luzea
11:00etan, aldiz, Big SUP deritzon ekimena egingo da. Zehatz esanda, gaztetxoek tamaina handietako oholetan ibiltzeko aukera izango dute. Kirola probatzen aritu ostean, 13:00etan esprintak egingo dira portuan bertan. Bi buia ipiniko dira eta tarte horretan azkarren egiten ahaleginduko dira. Antolatzaileek aurreratu dutenez, launa partehartzaile ariko dira aldi berean.
Azkenik, 14:30ak inguruan sari banaketa egingo da.