Xenki eta Murgiren heriotzak argituko ditu Egiari Zor Fundazioak, domekan, Lekeition
Jose Benito Mujika Xenkiren eta Mikel Martinez de Murgia Murgiren hilketaren egia, itzaletik argira ekarri nahi du Egiari Zor Fundazioak domekan, irailak 20, Lekeition antolatu duen hitzaldian. Lekeitioko Udalaren babesa duen ekitaldiak, “egirantz arraun egiten jarraitzen laguntzea” duela helburu azpimarratu du fundazioak, “gertatutakoaren egi guztia argitzeko”.
12:30ean hasita, kultur etxean izango den aurkezpenean Jose Benito Mujika eta Mikel Martinez de Murgia gazteen familiak egongo direla jakitera eman du Egiari Zor Fundazioak. “Hilotzak aztertzeko aukera izan zuen herriko medikuaren testigantza eta lekukoena ere izango dugu hilketa horien egia kontatu eta zabaltzeko. Gainera, inolako zigorrik jaso gabe eta justiziarik gabe igaro diren hamarkadak azpimarratuko ditugu”, azaldu dute.
1972ko irailaren 2an Lekeition Guardia Zibilak inguratu egin zuen Xenki eta Murgi zeuden etxea. Xenki leihoa zabaltzean frankotiradore batek tiro egin eta hil zuen. Murgi ere tirokatuta hil zuten.
Egia: Itzaletik Argira dinamika
“Estatuaren estolderietatik gidatutako” zein Segurtasun Indarrek eragindako heriotza guztiak argitzea du helburu Egiari Zor Fundazioak. Egiak oraindik ilunpean edo itzaletan jarraitzen duela eta ibilbide judizialen ikerketak traba ugari jasan dituztela ikusita Egia Itzaletik Argira dinamika dute abian, “bertsio ofizialen kutxa iluna zabaldu eta iluntasuna argitzeko”.
Begi onez ikusten dute Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen urraken inguruan egindako txostena eta ordura arte baztertuak ziren elementuak txertatu izana. “Elementu hauek, kontundentzia handiz, azken 50 urtetan gertatu denaren inguruko bertsio ofiziala baliogabetzen du. Estatuak eta bere Segurtasun Indarrek bizitzeko eskubidearen aurka egindako urraketak txertatu eta aintzat hartzen ditu”. Hala ere, hainbat kasuren inguruko ikerketan sakondu beharra dagoela ikusten dute.
Giza eskubideei dagokion nazioarteko legediak eta Egia Ezagutzeko Nazioarteko Zuzenbideak ez duela biolentziaren jatorriaren inguruko distintziorik egiten azaltzen dute, “ezta urraketa hauek jaso zuten pertsonen kondizioaren inguruan ere”, eta egia ezagutzeko eskubidea urraketak pairatu dituzten pertsonei, euren senideei zein jendarte osoari dagokiela azpimarratzen dute. “Egia ezagutzeak merezi du, berriro ere mina suertatu ez dadin, memoria eta kontakizun kolektiboa ahalbidetzeko ezinbestekoa da”.