Busturia Txirrindulari Taldeko Aritz Zabala busturiarrak irabazi du Berriatuko 33. Aitxe Kurutz -XIII. Juan Luis Kanterape oroimenezko kadete mailako txirrindulari saria. Arerio guztiak atzetik lagata, busturiarrak nahikoa erraz irabazi zuen lasterketa. Azken kilometroan hartu zuen aurrea irabazleak, Askartza goran.
Lea-Artibaiko parte hartzaileen artean azkarrean, ordea, Patxi Juaristi markina-xemeindarra izan zen. Hain zuzen ere, Juaristi ihes eginda egon ziren lehen sei txirrindularien artean egon bazen ere, seigarren postuan helmugaratu zen.

Aitxe Kurutz sariketako irabazlea Berriatuko alkatearekin batera. Argazkia: Berriatuko Udala
Lasterketari dagokionez, aurten iaz baino parte hartzaile gutxiago egon dira. Guztira, 30 lagun inguru izan ziren 43 kilometroko ibilbidea egin zutenak. Urberuagako errepidean egiten ari diren lanak direla eta, gainera, ibilbidea aldatu egin zuten antolatzaileek. “Aurten, lanak direla eta, lasterketa ez da Markina-Xemeindik igaro. Horrez ordez, Lekeitio eta Ondarroa batzen dituen kostaldeko bidetik igaro dira txirrindulariak”.