Aste barruan Santa Eufemi Eguna ospatzerik izan ez zutenek, atzo [irailak 20] izan zuten horretarako aukera. Urteroko hitzorduari hutsik egin barik, inguru guztietako herritarrak batu ziren Urregaraiko zelaian, giro onean.
Beste urte batez, asko izan ziren Aulestitik eta Markina-Xemeindik mendira oinez igo zirenak, eta zelaia jendez bete zen Esteibar eta Obietak girotutako erromerian.

Zelaian egindako elkarretaratzea. Argazkia: IƱakia Aranguena
Eguerdi partean egin ziren eguneko ekitaldi nagusiak. Eguerdiko meza entzun ostean, Euskal preso politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzean batu ziren hainbat herritar. Ostean, 35. Ermitara igoera lehiatu zen.
Antolatzaileek iragarri dutenez, aurtengoan iaz baino parte hartzaile gehiago izan dira: 36 parte hartzaile izan ziren ermitara korrika igotzera ausartu zirenak. Helmugara heltzen lehena, iazko txapelduna izan zen: Julen Aranguena. Kortezubikoak lau minutu inguru behar izan zituen lasterketa amaitzeko.
Atzokoan, gainera, urtero hutsik egin barik parte hartu duen Sabin Zenarruzabeitia Aulestiko korrikalariari omenaldia egin zitzaion. Aulestiarrak sasoiko dagoela erakutsi zuen, eta “osasunak laguntzen dion bitartean”, proban parte hartzen jarraituko duela nabarmendu zuen Zenarruzabeitiak.

Nerea Foruria irrintzia botatzen. Argazkia: IƱaki Aranguena
Igoeraren ondoren hasi zen irrintzi txapelketa. 13 parte hartzailek izan ziren aurten lehiaketan, eta iaz gertatu modura Nerea Foruriaren irrintziak eraman zuen sari nagusia.
Atzo ez eze, barikuan egin ziren kontzertuetan ere jende asko batu zen. Jai batzordeko kideen iritziz oso arrakastatsuak izan ziren. Pixontxis, Gose eta Kaotiko taldeen soinuek plaza jendez bete zuten. Osteko orduetan hotza ari bazuen ere, goizaldeko ordu txikiak arte dantzan ibili ziren herritarrak Las Tea Party DJekin batera.

Aulestiko plaza bariku gauean beteta
Oro har, Santa Eufemia jaien azken txanpa oso arrakastatsua eta jendetsua izan dela nabarmendu dute jai batzordeko kideek. “Jendeak oso erantzun ona eman du, eta horrek hurrengo urteetan ere jaia antolatzen jarraitzeko indarrak ematen dizkigu. Izan ere, herritarren ia herena batzen gara boluntaioi legez jaiaren antolamendu lanetan”.