Aurten proposamen berria egin dute Ondarroako
Marabilli hirugarren festibaleko arduradunek.
12 urtetik 18 urtera bitarteko gazteei begira, DBH-ko eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta egongo den Erreplika eta Make Up FX deritzon ikastaroa antolatu dute. Zehatz esanda, filmeetan erabiltzen diren efektu berezien eta makillajearen inguruko ikastaroa izango da.
Vanessa Escalada FX makillajean aritzen den profesionalak emango du ikastaroa datorren urriaren 1ean, 17:00etatik 18:30era, Ondarroako Kofradia Zaharrean. Gaur egun filmetan erabiltzen diren teknikarik aurreratuenak erabilita makillaje eta protesi bereziak sortuko dituzte.
Teknika errealak erabiliko dituzte, profesionalen erara. Makillaje bereziarekin batera silikona, latexa edota moldeak erabilita, besteak beste, aurpegiak zein gorputzeko atalei itxura aldatzen ikasiko dute ikasleek.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez,
24 lagunentzako tokia besterik ez da egongo ikastaroan. Hortaz, aurretik eman beharko da izena, irailaren 23tik 25era bitartean,
Klik-Klak argazki dendan (San Ignazio, 22).