Arantza Zuluetaren egoera salatzeko
mozioa onartu zuen Lekeitioko Udalak joan den egueneko (irailak 17an) Osoko Bilkuran. EAJ-PNV eta EH-Bildu Udal Taldeen onespenez onartu zen mozioa.
Arantza Zuluetaren lagunek Bilbon egindako agerraldia.
Arantza Zuluetak urtebete eta zazpi hilabete daramatza isolamenduan, modulu berezi batean isolatuta daukate, eta bere lagunek behin eta berriz salatu dutenez bere bizi baldintzak oso gogorrak dira: Inolako jarduerarik gabeko bizimodua, eguneroko neurri mugatzaileak, sabaia itxita duen patio batera lau orduz ateratzen dute, beste inorekin egoteko aukerarik gabe. Neurri horiekin batera, ziegan ezin omen ditu bere gauza guztiak izan; liburuak, arropak, garbitsuneko gauza pertsonalak, mugatu egiten dizkiote. Gainera, isolamenduko moduluan egiten dizkioten miaketak gorputz osoa haztatuta eta ziegatik ateratzen den guztietan izaten direla azaldu dute lagunek. “Ziegako miaketak era ohikoak dira, eta dituen gauza pertsonal apurrak lurretik botata uzten dizkiote”. Telefono deiak ere mugatuta dauzka. “Funtzionarioz inguratuta eta inolako intimitaterik gabe egin behar ditu eta gainera eurek erabakitzen dute noiz egin behar dituen”.
Bizi baldintza anker horrez gain, beste neurriak ere salatzen dituzte: “Etxetik eta senide eta abokatuengandik 1.000 kilometrora dago, eta bere auzia izapidetzen ari den egoitza judizialetik 600 kilometrora”.
Beraz, Arantza Zuluetaren egoera salatu eta aldatzeko asmoz, udalak onartu duen mozioa aurkeztu zuten Arantza Zuluetaren lagunek.
Egoeraren aldatzeko eskaria
Arantza Zuluetak bizi duen egoera larriaren aurrean bere egonezina eta kezka adierazten ditu Lekeitioko Udalak onartu duen mozioan, eta isolamendu egoeratik atera eta bere eskubideak errespetatuak izango diren egoera berria izan dezan eskatzen du. Horrela, jarduketak beharrezko bizkortasunagaz burutzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzala eskatzen dio epaileari, eta ondorioz, ahozko ikustaldirako deia egin dezala ahalik eta arinen, salbuespeneko behin-behineko espetxeratze neurriari amaiera emateko.
Espainiako Espetxe Erakundeari, bestalde, Arantza Zuluetaren egoera alda dezan eskatzen dio. “Kartzelan bizi duen egoera azter dezala eta bertako administrazioak erabilitako praktikak zuzenbidearekin eta giza eskubideekin bat datozela berma ditzala. Horrez gain, zigor legeriak ezartzen duen modura, bere bizitokitik hurbilen dagoen espetxera hurbiltzea.
Arantza Zuluetaren isolamendua salatzeko Lekeition egindako elkarretaratzea.
Udala, Puerto III kartzelako zuzendariagaz harremanetan jarriko da, Zuluetak bizi duen egoera alda dezala eskatzeko eta onartu duen mozioaren berri emateko. Horrez gain, Arantza Zuluetaren egoerari aurre egiteko burutuko diren mobilizazioekin bat egiten duela dio udalak, eta era berean, beraietan parte hartzera animatzen ditu herritarrak.
Azkenik, Arantza Zuluetak behin-behineko askatasunean egon beharko lukeela diote mozioan, epaileak behin behinean aske uzteko agindua eman zuen-eta kautelazko neurriak eta fidantza bat ezarrita.
MOZIOA DESKARGATU