Leartiker eta PFT AMIKUZE Agro-alimentaire zentroak lankidetza sustatzeko akordioa sinatu dute
Akordio honen helburu nagusia, Markina-Xemeingo eta Donapauleko zentroen ezagutza teknologiko eta baliabideak, Akitaniako nahiz Euskal Autonomi Erkidegoko elikagaigintza sektoreko enpresei eskaintzea da. “Elkarlan horren bidez bi herrialdeen arteko kooperazioan eratu daitezkeen proiektu berritzaileak bultzatuko dira”, azaldu dute.
Leartiker elikagaien teknologiako arloa, esnegintza, harakintza, arrantza eta plater prestatuak ekoizten dituzten enpresekin aritzen da elkarlanean. Akitaniako PFT AMIKUZE Agroalimentaire erakundea haraki eta esneki produktu desberdinetan dago espezializatua. Horrela, bii zentroen arteko osagarritasuna ardatz nagusitzat hartuz, mugaz bi aldeetako elikagai industrietan identifikatzen diren proiektuetan sortuko diren beharrizanei erantzuteko, teknologiak eta ezagutzak partekatuko dituzte bi plataformek.
Beste alde batetik, Lycee Jean Errecart eta Lea Artibai Ikastetxeko ikasleen zein irakasleen ezagutzak hobetzeko trasferentzia ekitaldiak eta egonaldiak antolatzea hitzarmenaren beste helburuetako bat izan da.
“Elkarlankidetza honek, Akitaniako eta EAEko elikagaigintza sektoreko enpresen lehiakortasuna hobetzen lagunduko du. Bi zentroen arteko akordio honetan oinarritutako elkarlanaren ondorioz, ikerkuntzan zein teknologi aurreratuetan sortzen diren sinergiak aprobetxatuko ditugu “, azpimarratu dute.