Etzi jokatuko dute Ondarroako XX. triatloia, IX. Gerardo Saiz memoriala.
29 emakumezkok parte hartuko dute, eta 230 gizonezkok. Distantzia olinpikoko proba izango da. Lehenengo 1.500 metro egingo dituzte igerian, gero bizikleta hartu eta 35, 5 kilometroko ibilbidea egingo dute. Azkenik, 10,2 kilometro egingo dituzte korrika.
14:30ean boxeak ireki eta materialen kontrola egingo dute. Gero, emakumeek 15:30 ekingo diete lehiari, eta gizonak, berriz, 15:40an hasiko dira.
Arrigorri hondartzan hasiko dute igeriketa saioa. Ondarroako badian igeri egin ostean, Artibai ibaian gora joango dira. Kalatraba zubia pasatuta, hango eskaileretatik boxetara iritsiko dira. Igerian doazela uretan kokaturiko lau buiak eskuineko aldetik pasatu beharko dituzte, hau da, buiak ezkerrean utzi behar dituzte.
Ondoren, bizikleta proban, hasierako metroak herri barrutik egin, eta Berriatuara joango dira. Millioi gaina eta Oleta pasatuta, BI-2238 errepidea hartuko dute Ispasterrerantza. Handik Lekeitiora heldu, eta Ondarroara bueltatuko dira. Antolatzaileek zehaztu dutenez, ibilbidea “bihurria bezain ikusgarria” da. Bukaeran, kostako bidetik boxetarainoko tartean, 700 bat metroko aldapa behera “arriskutsua” dago, eta aldapa amaitzean 180º-ko bihurgunea, beraz, partaideei kontuz ibiltzeko ohartarazi diete.
Jarraian, udalerrian zehar hiru buelta emango dituzte korrika (Kamiñazpiko parkearen hasieran emango dute buelta).
Triatloian honako hornidura guneak egongo dira: bata bizikleta saioan (20. kilometroan), bi korrika proban (bata Kamiñazpi auzoan eta bestea Kafekoatze plazan) eta amaierako hornidura nagusia. Gainera, proba amaitzean hankak hotzetan sartzeko tinak egongo dira, eta dutxa zerbitzua ere egongo da arraun elkartean.
Bestalde, partaideek dohako aparkaleku zerbitzua edukiko dute portuan, eta motxilak gordetzeko zerbitzua ere eskainiko zaie.
Sariei dagokienez, irabazleek 300 euro, txapela, garaikurra, lore sorta eta bi lagunentzako afaria jasoko dituzte. Bigarrenari 200 euro, garaikurra eta arrain sorta emango diete, eta hirugarrenarentzat garaikurra eta 100 euroko saria egongo da. Halaber, partaide guztiek jasoko dute opari edo oroigarriren bat.
Antolatzaileek azaldu dutenez, triatloia irabazteko bi faborito argi daude: izonezkoetan, Pello Osoro eta emakumezkoetan Nuria Rodriguez.