Hegaluze handiagoaren bila jarraitzen dute baxurako arrantzaleek
Kopuru aldetik nahikoa atuneta oparoa izaten ari bada ere, tamaina txikiko hegaluzea besterik ez da ikusten aspaldian bentan. Baxurako arrantzaleak hegaluze handiagoaren bila ahaleginak eta bi egiten ari badira ere, txikia besterik ez dute aurkitzen. Hala ere, pozik daude arrantzuekin. Prezio «nahikoa bidezkoetan» ari saltzen arraina, eta kopuruak handiak direnez, marea ederrak egiten ari dira.
Hegaluzeari dagokionez, asteon martitzenean lehorreratu zuten bakarrik hegaluzea. Eguraldi txarragaz porturatu ziren ontziek, guztira, 44 tona hegaluze lehorreratu zituzten. Gehiena, kontserba-egileek erosi zuten.
Bentan saldutako hegaluzea, batez ere, txikia izan zen; 2,7 eta 3 kilo bitartekoa, eta prezioari dagokionez, 2, 29 euroan saldu zen, bataz beste. Herenegun itsasoratu ziren atzera ere hegaluzetan ari diren ontziak.
Bestalde, itsasoan nahikoa eguraldi eskasa egon dela eta, bestelako arrain gehiegirik ere ez da saldu. Atzo, esaterako, txitxarro, salba eta haginzorrotz ale bakan batzuk lehorreratu zituzten.