III. Dzanga Itsas Kayak Txapelketa lehiatuko da domekan, Lekeition
Lekeitioko Dzanga Piragua Kirol Elkarteak antolatuta, Dzanga itsas kayak txapelketa lehiatuko da domekan [irailak 27], Lekeitioko uretan. Euskadiko itsas Kayak ligako azken froga izango da, eta beraz, bertan erabakiko dira kategoria bakoitzeko ligaren garaileak.
Sprinter kategoria eta tradizionala jokatuko dira domekan, eta guztira, 50 parte hartzaile inguru itxaroten dituzte antolatzaileek kategoria desberdinetan.
Bi ibilbide egongo dira: sprinterrentzako bat eta tradizional eta kadeteentzako bestea. Guztiak Isuntza hondartzatik irten eta bertara itzuliko dira. Tradizionalen irteera eta Sprinterren irteera 12:00etan izango da. Sprinterrek 12,7 km-ko distantzia egin beharko dute, tradizionalek, bestalde, 9,5 km.
Zeharkaldi herrikoia
Hirugarren edizioa berritasunekin dator. Izan ere, Zeharkaldi Herrikoia ere antolatuko du Dzanga Piragua Kirol Elkarteak. dzangakayak@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da izena aurretik emateko. Bestela, domekan, 10:00etatik-11:00etara ere horretarako aukera egongo da.
Zeharkaldiak bi ordu inguru iraungo ditu, parte hartzaile bakoitzak bere materiala eraman beharko du eta antolatzaileek momentu oro ibilbidea markatuko dute. Zeharkaldia amaituta, hamaiketakoa egongo da parte hartzaile guztientzat.