Irailaren 30era arte izango dute Lea-Artibaiko herritarrek AEKko eskola eta ikastaroetan izena emateko aukera. Hain zuzen, 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara jarri beharko dira harremanetan Markina-Xemein, Ondarroa eta Lekeitioko euskaltegiekin, telefonora deituta, helbide elektronikora mezua idatzita zein bulegora bertara joanda.
Lea-Artibaiko ikasle eta berbalagunak Marierrotara egindako irteeran. Argazkia: Lea-Artibaiko AEK
Aurten ere oso aberatsa izango da AEKren eskaintza; izan ere, euskalduntze maila guztiak egiteko aukera egongo da. Oinarrizko mailak A1, A2 eta B1, eta 3. maila, EGA eta C1 hiru herrietan emango dituzte: Lekeition, Ondarroan eta Markina-Xemeinen. Markina-Xemeinen, gainera, tarteko maila B2 ere egiteko aukera egongo da. Horrez gain, C1 eginda daukatenak, 4. maila C2 ikasteko aukera izango dute Markina-Xemeinen zein Ondarroan. Ikasturte honetan ere, alfabetatze eta etorkinentzako AISA ikastaroak egongo dira aukeran.
Ikastaro bereziak
Berritasun modura, ikasturte honetan klaseetara aurrez aurre joaterik ez duenak ere euskara ikastea ahalbidetuko du AEK-k, autoikaskuntza eta sareko ikastaroen bitartez nork bere erritmoan ikas dezan.
Halaber, aurrekoetan bezala, ikastaro bereziak ere egongo dira aukeran ikasturte berrian. Euskararen transmisioa mantentze asmoz, guraso taldeak jarriko dituzte martxan aurten ere, bai eta merkatari-ostalari zein erretiratuei zuzendutakoak ere.
Orain arte abiatu duten Berbalagun egitasmoak ere izango du presentzia ikasturte honetan. Taldeetan banatuta, hortaz, euskara euskaltegitik kanpo eta modu informalean praktikatzeko bilduko dira herritarrak.
Lea-Artibaiko AEK-ko ikasleak Ondarroako arraun elkartearen egoitzan. Artazkia: Lea-Artibaiko AEK
Eskaintza oparoa ekarriko du, beraz, aurten AEK-k eskualdera, eta, gainera, ikastaro eta klaseak ikasleen ordutegira egokitzeko prestutasuna erakutsi dute; hala, ikastaroak goizean, eguerdian edota iluntzean gauzatu ahalko dira.
Aipatu ikastarook, gainera, diru laguntzen bitartez ordaindu ahalko dituzte herritarrek; izan ere, diru laguntza mota bi jartzen dituzte euskara ikasi nahi duten horien eskura: batetik, HABEko azterketak egin eta gainditzen dituztenek, HABErengandik laguntza jasotzen dute, eta, bestetik, herri ezberdinetako udalek –Lea-Artibain herri gehienek– aparteko diru laguntza eskaintzen dute, klaseetara %80an bertaratzen direnentzat.