«Inkomunikatuta egon ginen bi orduz, bahiketa modukoa izan zen»
Askapena erakundearen bitartez egon da Saharan (Afrika) Ane Uriarte (Aulesti, 1990). Espero zuena baino errealitate gogorragoa topatu zuela dio, eta hango egoeraren berri eman diguEgun ezberdinetan, baina, guztira, zazpi brigadista sartu zineten Sahara...
Askapena erakundearen bitartez egon da Saharan (Afrika) Ane Uriarte (Aulesti, 1990). Espero zuena baino errealitate gogorragoa topatu zuela dio, eta hango egoeraren berri eman digu
Egun ezberdinetan, baina, guztira, zazpi brigadista sartu zineten Saharan. Zuek heldu orduko, jakin zenuten gainontzekoak kanporatu egin zituztela.Aainunera heltzeko zortzi bat ordu falta zirela jakin genuen beste bi taldeak kanporatuak izan zirela. Denak etxe batean zeudela, Marokoko polizia joan, pasaporteak hartu eta kanporatuak izan ziren. Besteak sartu zirenean, ni eta iparraldeko kide bat Marrakexen geunden. Beldur apur bat izan arren, aurrera egitea erabaki genuen, eta Aainuerantz abiatu ginen. Bidean ez ginduten kontrol batean ere gelditu. Gauez joan ginen; muga pasatu eta arazorik barik sartu ginen.
Eta behin hara helduta, zer?
Goizeko zazpiak aldera heldu ginen. Egun bat eta erdi turista moduan egon ginen. Lan politiko bat egiten joan arren, hango poliziei turistak ginela esan genien, bestela segituan kanporatuko gintuzketelako. Hotel batera joan, atseden hartu, eta hondartzara joan ginen. Han geundela polizia etorri, eta galdetu ziguten ea zer egiten genuen han; turistak ginela esan genien, asmatutako istorio bat kontatuz. Bakean uztea lortu genuen. Adeitasunez joatera gonbidatu gintuzten, hura turistentzako leku bat ez zela esanez.
Eta biharamunean, zer moduz?
Aaiunera heldu ginenetik atzetik genituela igarri genuen. Bertako aktibistekin elkartu ginen bazkalostean, eta konturatu ginen poliziaren presentzia areagotu zela. Haiek dana dute kontrolpean. Atera egingo gintuztela bagenekien, baina noiz ez. Orduan denpora aprobetxatu nahi genuen haien testigantzak entzuteko, eta argazkiak, bideoak, elkarrizketak… egiteko. Gogorra izan zen hori, izan ere, oso testigantza gogorrak daude. Errealitate gogorra espero nuen, baina, espero baino errealitate gogorragoa topatu nuen.
Zer kontatu zizueten?
Bi emakumegaz egon ginen, 11 urtez desagertuta egon, eta torturatuak izan zirenak. Bizi izandako torturak kontatu zizkiguten. Emakumeen egoera oso gogorra da. Haien gizonak Fronte Polisarioko kide izateagatik bakarrik, atxilotuak, desagertuak eta torturatuak izaten dira emakumeak; haien gizonen lan politikoagatik eta ez haienagatik. Hori entzuteak amorrua ematen du, ernegatzen jartzen zaitu. Beste emakume bat Tindufeko kanpamenduetatik zetorren, eta bi egun lehenago, aireportuan, tortura latzak jasan zituela esan zigun. Garrasi egiteagatik ahots barik zegoen. Torturen arrastoak erakutsi zizkigun, markaz beteta zegoen. Duintasuna guztiz galdu zuen uneaz ari zen, gu kameraz grabatzen ari ginen bitartean. Zer esan ere ez genekien.
Ez al zenuten polizia agertzeko beldurrik izan?
Kamerak utzita, tea hartuz apur bat erlaxatzea erabaki genuen. Gustura geunden momentuan atea jo zuten. Aktibistek ez irtetzeko esan ziguten eta pasaporte eske zeudela esan ziguten. Pasaporteak eman eta turistak ginela esan genien. Aurpegietan igarri genien ez zigutela sinistu. Ez ziren ez polizia legez, ez inolaz identifikatu. Frantsesez ari ziren iparraldeko kideagaz; niri aurpegira begiratu ere ez zidaten egiten. Gure segurtasunagatik han ezin ginela egon zioten. Esan genien han seguru sentitzen ginela. Baina haiek ezetz, han ezin ginela egon. Zein arrazoi zuten galdetu genien, azalpen bat nahi genuen. Enbaxadara deitzen utzi ez zidaten arren, etxera sartu eta deitu egin nuen, baina makina batek erantzun zidan. Gure pasaporteak zituzten; horiek barik han salduta geunden. Ezer ilegalik ez genuela egin esan genien, eta hala tratatzeko eskubiderik ez zutela.
Handik atera eta nora eraman zintuzteten?
Poliziarena ez zen kotxe batean sartu,eta inork ez zekien leku batera eroan gintuzten. Bi orduz mobilak eta argazki kamera kendu zizkiguten. Galdetu genien ea nortzuk ziren, poliziak zirela aitortzea nahi genuen. Bagenekien ordu batzuetara Marokora bidaliko gintuztela. Zentzu horretan, beldurrik ez genuen pasatu, baina bi orduz guztiz inkomunikatuta egon ginen. Bahiketa baten modukoa izan zen. Gero, mugako kontrol batera eroan, eta kazeta txiki batean sartu gintuzten. Galdeketa egiten hasi ziren: ea zergatik egon ginen haiekin, nortzuk ginen, zertan lan egiten dugun, nondik ezagutzen genituen… Politikotzat gintuzten. Administratzailea nintzela esan nien gezurra da , eta bestea musikaria denez hala esan zien. Arabieraz berba egiten geundela zioten. Terroristak izatea eta gauza ilegalak egitea leporatzen ziguten. Esan genien ez genuela ez lege nazional ez internazionalik hautsi, eta ez genuela ulertzen zer egiten genuen han. Abokatuekin hitz egingo genuela esan genien. Saharar mendebaldera doazen atzerritarrak liburu batean erregistratu behar dira: zertara doazen, noiz arte, nondik ibiliko diren… Han agertzen ez ginelako haserre zeuden. Gainera, ez zuten sinisten autobusean heldu ginenik.
Nolakoa izan zen kanporatzea?
Autobusez bidali gintuzten Maroko iparraldeko Agadirrera. Han, besteekin batu ostean, trena hartu eta Rabatera joan ginen, Frantziako eta Espainiako enbaxadetan salaketa ipintzera. Ez gintuzten esku zabalik hartu, baina azkenean, lortu genuen jaramon egitea; hala ere, kutsu politikoa kentzen saiatu ziren. Pasaporteak kendu, eta kanporaketa ilegala jasan genuela azaldu genien. Idatzizko kexa formala egin genuen: gertatu zena salatu eta hurrengo urteetan halakorik gertatzea saihesteko eskaria. Kexa eta salaketa ipintzeko eskubide osoa genuela zioten, baina Espainiak ez zuela guri erantzuteko obligaziorik. Ezin zutela ezer egin zitoen, Marokoko gobernuak bota gintuela, eta ez zutela eskumenik ezer egiteko.
Segituan bueltatu al zineten?
Ez, Rabaten zeuden bi presoren senideekin, eta presoen eskubideen aldeko kolektibo bategaz berba egitea lortu genuen. Presoek oso dispertsio handia dute; kartzeletan torturak ikusgarriak dira; ez dute osasunerako eskubiderik, eta, gainera, kondena bat bete eta beste zigor bat ezartzen diete, bizi osorako kondenatuta.
Hango komunikabideetan ere agertu zineten.
Bai, Marokon zioten terroristei laguntzen ibili ginela, beraz, gu ere terroristak ginela. Egunerokotasunean itzelezko errepresioa eta okupazioa jasaten dituzte, eta ikaragarrizko blokeo informatiboa dute. Eskubide zibilen urraketa nabarmena du Marokok ezkutatzeko. Ez dute brigadistak joaterik nahi, sahararren egoera ez zabaltzeko.
Hona helduta, Espainiak duen erantzukizuna salatu duzue.
Espainiak ehuneko handi batean du gertatzen denaren erantzukizuna. Egoeraren erantzule handienetako bat da. Ofizialki administratzaile izaten segitzen du; 1975ean Saharatik alde egin arren, ez da ezer aldatu. Okupazio itzela dago, Marokok nahi duena egiten du hango jendeagaz, lurrekaz…Espainiak ez ikusiarena egiten du, interes handiak dituelako. Maroko eta Sahararen arteko gatazka txiki bat moduan bizi dute askok, baina ez da hori. Sekulako gatazka dago, errepresioa. Marokogaz batera errudun handienetakoa Espainia dela ezkutatzen da.