Jende bete eliza, 1990-1993 urteetara begirako ekitaldian
Biztanleria ia 400era ailegatzen den herrian, 250 pertsonatik gora elkartu ziren herriko elizan. Bertan bildutakoak 1990-1993 urteetara jarri ziren begira, garai hartako argazkiekin osatutako bideoa arretaz ikusten zuten bitartean.Hunkigarria. Hala des...
Biztanleria ia 400era ailegatzen den herrian, 250 pertsonatik gora elkartu ziren herriko elizan. Bertan bildutakoak 1990-1993 urteetara jarri ziren begira, garai hartako argazkiekin osatutako bideoa arretaz ikusten zuten bitartean.
Hunkigarria. Hala deskribatu du Elantxobeko Be Bai Euskera Elkarteak joan den asteburuko hitzordua. Elantxobeko bizilagunak, Bizkaiko beste herri batzuetan bizi diren elantxobetarrak, kostako herri horren inguruko herritarrak… Horiek guztiek bilduta, herriko eliza betetzea lortu zuten. Eta horien guztien artean, Gorgonio Renteria «herriko semeak» hartu zuen egun horretako protagonismoaren hein handi bat.Izan ere, elizakoak zutik jarri ziren Renteriak 1932. urtean Elantxoberi eskainitako olerkiak abesteko, Peio Aurre Gernika-Lumoko Andra Mari elizako organojolearen doinuek lagunduz.
Musikatik ikus-entzunezkoetara salto egin zuten, eta bi ordu iraun zituen bideo emanaldiaz gozatu zuten elizara bertaratutakoek. 1990 eta 1993 urteen bitartean Be Bai Elkarteko kide Asier Guenagak ateratako argazkiak islatu zituzten bertan: hala nola, orduko portua, sareen biltzea, Madalen Eguna, herritarrak…
Joan den asteburuko hitzordua, baina, ez da aipatu bideoari lotutako ekintza bakarra izango. Be Bai Elantxobe Euskera Elkarteak jakinarazi duenez, «bideoaren harira, bestelako ekintza batzuk egiteko asmoa» ere badute, «oraindik data zehaztu gabe badago ere».