Lekeitioko Udalak udal batzordeetan parte hartzeko deia eta gonbidapena luzatu die lekeitiarrei
“Herri ireki, anitza eta denon artean eraikitako Lekeitio bat egiteko asmoz”, hasi duen legealdiko oinarri eta erronka nagusiak gardentasuna, herritarrei informazioa helaraztea eta hurbiltasuna izango dituela adierazi du Lekeitioko Udalak. Hori dela eta, udaleko batzorde ezberdinetan parte hartzeko deia egin die lekeitiarrei. “Batzordeak irekiak eta zabalak dira, udal ordezkariez gain edonork parte hartu dezake batzordeetan. Hori dela eta, parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diegu herritar guztiei”, azaldu dute.
Udal batzordeak proposamenak egiteko eta eztabaidarako guneak dira, eta hilero egun berdinean egingo dira, iluntzean. Denetara hamasei batzorde egongo dira martxan Lekeition, eta beraietan parte hartu nahi duenak izena eman beharko du aurretik. Izena ematearen arrazoia, datu pertsonalekin datu base bat osatu eta herritarrek batzarretarako deialdiak jasotzea dela jakitera eman du udalak. “Beti ere, datuen babeserako legeak zehazten dituen baldintzak beteko dira datu hauen erabilerari dagokionez”, argitu dute.
Batzordearen funtzionamenduaren onurarako eta bertan lantzen diren ekimenak aurrera eraman ahal izateko, bileretara azaltzeko konpromisoa ezinbestekoa izango dela nabarmendu du udalak.
Martxan jarriko diren batzordeak hurrengoak izango dira:
-
Hirigintza Batzordea.
-
Herri lanak, udal Azpiegituren mantenimendua, Zerbitzuak eta Ingurugiroa Batzordea.
-
Ogasuna, Ondarea eta Kontuak Batzordea.
-
Garapen ekonomikoa eta lehiakortasun Batzordea.
-
Emakumea/Berdintasuna Batzordea.
-
Gizarte Ongizate Batzordea.
-
Migratzaileak batzordea.
-
Hirugarren Adina batzordea.
-
Kirol Batzordea.
-
Gazteria batzordea.
-
Herritarrekin harremanak eta Parte hartzea Batzordea.
-
Euskara Batzordea.
-
Hezkuntza, Haurtzaroa eta Gaztetxoen aisialdirako Batzordea.
-
Jai Batzordea.
-
Kultura Batzordea.
Izen emateko udal bulegoetara joan edo www.lekeitio.eus web orrialdearen bidez egin daiteke.