Ohitura zaharrak eta ekintza berriak, guztien gozamenerako
Gaur hasi eta martitzenera arte luzatuko dira aurten jaiak Arretxinagan. Txotxongiloak, irrintzi txapelketa eta herri afaria ere antolatuko dituzteSan Migel jaiak ondo pasatu eta ondo pasa arazteko prest daude Arretxinagako Jai Batzordekoak. Adin eta g...
Gaur hasi eta martitzenera arte luzatuko dira aurten jaiak Arretxinagan. Txotxongiloak, irrintzi txapelketa eta herri afaria ere antolatuko dituzte
San Migel jaiak ondo pasatu eta ondo pasa arazteko prest daude Arretxinagako Jai Batzordekoak. Adin eta gustu guztientzako egitaraua prestatu dute horretarako. Horrela, gaur hasi eta martitzenera arte Arretxinagako plaza festa giroan murgilduko da.Gaur gauean hasiko dira jaiak, ohi duten legez, kontzertuagaz. Zea Mays taldea ekarriko dute Arretxinagakoek gaurko gauari rock doinua jartzeko. Sustrajah Band Lekeitioko taldearen eta erromeri giroko doinuak eskainiko dituen zarauzko Fun and Go taldearen zuzenekoez gozatzeko aukera ere egongo da.
Aulkiak beteta
Kontzertuez gain, jende asko batuko dute aurten, Markina-Xemeingo BTT Martxak eta herri afariak. Azken asteetan izena ematen ibili da jendea, eta herri afariko aulkiak beteta daude. Denetara 135 lagunek bazkalduko dute elkarregaz udaletxe zaharraren aurrean jarriko dituzten mahai luzeetan.
BTT martxarako izen emotea, bestalde, gaur arratsaldeko zortzirak arte zabalik egongo da kirolprobak.com webgunean. Markinako, Amalloko eta Arretxinagako BTT martxek bat eginda sortu dute, eta Lea-Artibaiko hainbat bazter eder zeharkatuko ditu. Hiru ibilbide izango ditu aukeran: 75 km-ko luze-luzea, 36 km-ko luzea eta 27 km-ko ertaina. Ibilbide luze-luzearen irteera ordua 08:30 izango da, eta ertain eta laburrarena 09:30ean.
Iazko harrera ona ikusita, BTT martzez gain, martxa herrikoia ere antolatuko dute zapatu goizean, Arretxinagakoek, 7 urtetik gorakoentzat. 11:00etan izango da irteera, baina, izena 10:00etatik 10:45era eman behar da. Martxa herrikoiko parte hartzea doan izango da.
Txotxongiloak
Aspaldiko ekintza bat ere berreskuratuko dute aurtengo jaietan: txotxongiloak. «Auzoko Akeliño baserriko Eli Alberdik asmatu zuen orain dela hogei bat urte», azaldu dute. Beraz, txotxongiloei hautsa kendu eta Arre arre Txiña ikuskizuna eskainiko dute jai batzordeko sei lagunen artean. «Txiña izeneko astoa da protagonista, eta bere laguntzagaz, bertoko ipuinak kontatuko ditugu», aurreratu dute.
Beste ekitaldi polit bat Ez da Kasualitatea bertso saio musikatua izango da. Bertsolariak, Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Alaia Martin eta Eli Pagola dira; musikariak, Garikoitz Otamendi eta Igor Arruabarrena, eta gai jartzaile lanak Maite Berriozabalek egingo ditu.
Berria izango da bai eta ere Arretxinagako plazan Irrintzi Txapelketa. Aspalditik zeukatela egiteko gogoa aitortu dute, eta aurten bai, ijuirik hoberena botatzen duena sarituko dute. Hiru sari daude: 50 eurokoa lehenengoarentzat, 30 eurokoa bigarrenarentzat eta 20 eurokoa hirugarrenarentzat. Domekan bertan eman ahalko dute izena parte hartu nahi dutenek.
Mahai gaineko eta Xemeingo Ezpata Dantzagaz gain, ohitura bihurtu da sanmigeletan azken eguneko antzerkia. Oraingoan, Aitziber Garmendia neska pinpirina eta Iker Galartza baserritarra elkarren ondoan jarriko dira Ondoko Hilobiko Tipoa antzezlanaren bidez istorio zoragarri bat kontatzeko.