Urri osoan parte hartu ahalko da Muxikako argazki lehiaketan
Eguenean hasi eta urriaren 30era arte izango dute interesatuek argazkiak atera eta aurkezteko epea. Parte hartzaile guztiek Muxikagaz lotutako sei argazki aurkeztu beharko dituzteBerritasunekin dator aurten Muxikako argazki lehiaketa; izan ere, aurreko...
Eguenean hasi eta urriaren 30era arte izango dute interesatuek argazkiak atera eta aurkezteko epea. Parte hartzaile guztiek Muxikagaz lotutako sei argazki aurkeztu beharko dituzte
Berritasunekin dator aurten Muxikako argazki lehiaketa; izan ere, aurrekoetan ez bezala, oraingoan, egun batean barik, hilabete osoan parte hartu ahalko du herritarrak lehiaketa horretan. Hala, datorren eguenetik urriak 1 hilaren 30era bitartean aurkeztu ahal izango ditu profesionala ez den herritarrak bere argazkiak.Muxikako Udalak jakitera eman duenez, parte hartzaile bakoitzak sei argazki aurkeztu beharko ditu; guztiak Muxikagaz lotutakoak izan beharko dira; originalak eta inon argitaratu barikoak.
Teknikari dagokionez, «edozein» onartuko dutela aipatu du udalak; «bai zuri-beltzean eta bai koloreetan egindako argazkiak». Betiere, JPEG formatuan aurkeztu beharko dituzte lanok, eta «ahalik eta kalitate handienean, gehienez, 5 MB».
Argazkiok aurkezterako orduan, egilearen izen-abizenak eta herria, harremanetarako telefono zenbakia eta argazkia noiz eta non ateratakoa den zehaztu beharko ditu parte hartzaileak. Argazkiak eta datu horiek, beraz, USB batean edota liburutegia.muxika@bizkaia.org helbidean aurkeztu beharko dira.
Kategoria bi
Lehiaketan parte hartzeko adin tartea ere zehaztu du Muxikako Udalak: 16 urtera arteko lagunek gaztetxoen mailan parte hartuko dute, eta handik gorakoek, berriz, nagusien lehiaketan.
Hala, maila batekoek zein bestekoek aurkeztutako lanak ebaluatzeko, Muxikako Udaleko kultura zinegotziak eta ogibidez argazkilariak diren profesional bik osatutako epaimahaia egongo da.
Epaimahai horrek gaztetxoen artean argazki onena atera duena hautatu eta sarituko du argazkilaritzako materiala erosteko 60 euroko txartelagaz. Nagusien artean, aldiz, lehiaketako argazki onena, bilduma onena eta muxikarren argazki onena aukeratu beharko ditu. Irabazle horiek bi lagunentzako afarira edo bazkarira gonbidatuko dituzte Muxikako jatetxe batean.
Sari horiek, baina, ez dira azaroaren 20ra arte banatuko. Egun horretan 19:00etan jarri dute hitzordua, Zubieta Errota eraikinean.
Argazkiak, erakusketan
Bestalde, saria jaso eta saririk jaso ez duten argazki denak jarriko dituzte ikusgai Zubieta Errotako beheko aretoan ipiniko duten erakusketan. Era berean, epaimahaiaren iritziz egokienak diren argazkiak 2016ko egutegia egiteko erabiliko ditu Muxikako Udalak.