Azkoitiko Ttipi Ttapa elkarteak bularreko minbiziaren kontra antolatutako I. lasterketaren helmuga emozioz beteta gurutzatu zuen, zapatuan, Iñaki Iturri Uriartek. Lasterketa berezia izan zen Iturrirentzat, garaipena gaixotasun horrek eraman zuen bere emazteari eskaini ahal izan zion-eta.

Iñaki Iturri Bularreko Minbiziaren Aurkako I. lasterketan parte hartzen.
Adin guztietako jendeak hartu zuen parte lasterketa solidarioan. Umeen lasterketak egon ziren lehenengo eta 18:00etan hasi zen nagusiena. Aurrean ibili zen hasieratik Iñaki Iturri. Bost korrikalarik egin zuten aurrera, eta talde horretan sartu zen bera ere. Horrela, 2km falta zirenean, arriskatu eta ihes egin zuen, eta halan, bakarrik ailegatu zen helmugara. “Beste lasterketa batzuten ere emaitza onak lortu ditut, baina honek bereziki, ilusio handia egin dit. Emazteagatik eta gaixotasun hori sufritzen duten beste emakumeei gure babesa erakusteko egon ginen Azkoitiko lasterketan, horrelako ekimenek merezi dutela uste dut”, adierazi du Iturrik.
Iñaki Iturrik bezala, asko izan ziren Azkoitiko lasterketagaz bat egin eta korrika egin zutenak. Ateratako dirua Katxalin -bularreko eta ginekologiako minbiziagatik eragindako gipuzkoako emakumeen elkarteari- emango diete.

Iñaki Iturri Azkoitiko Bularreko Minbiziaren Aurkako I. lasterketa amaituta.