Ioana Osa Larruzea triatleta ondarrutarrak bere kirol ibilbideko beste erronka bat bete du; Ironman bat egin eta bukatzea lortu du, estreinako. Triatloi probarik gogorrena prestatzen gogor ibili da azkenaldian, eta erronka pertsonala egi bihurtu du.
Koaxi S Concept taldeko triatletak, gainera, emaitza ona lortu du parte hartu duen lehen Ironmanean. Zapatuan [irailak 26] Mallorcan (Balearrak) egindako
proban zortzigarren amaitu zuen 35-39 urte bitarteko emakumezkoen kategorian –27. postua emakumezkoetan eta 440. postuan sailkapen orokorrean–.
Ioana Osa probako azken kilometroetan, irribartsu.
Behin helburua beteta, pozik geratu da. Jende asko joan zen Ondarroatik Osa animatzera, eta pozik amaitu zuen proba. “Proba ondo joan zen eta asko gozatu nuen. Denbora guztian gustura sentitu nintzen, eta fisikoki ere nahikoa ondo ikusi neure burua. Bizikletagaz arazo teknikoak izango nituen beldur banintzen ere, igerian eta bizikletan lasai aritu nintzen. Korrikako zatia, ostera, gogorrena izan zen. Maratoiko zatian ondo moldatu banintzen ere, 38. kilometrotik aurrera hanketan nekea sumatzen hasi nintzen”.
Ondarrutarrak adierazi duenez, gainera, esperotakoa baino emaitza hobea lortu du. “Familia eta lagunak hantxe ni animatzen ikusita, asko animatu eta motibatu ninduten”. Guztira, 10:48:02 behar izan zituen 3,8 kilometro igeri (01:02:21), 180 kilometro bizikletan (05:52:21) eta 42,2 kilometro korrikan (03:42:07) egiteko. Etorkizunean mota honetako proba gehiago egiteko asmoa duela ere aurreratu du.