Hainbat gai eztabaidatu ziren aurreko eguenean [irailak 24] Mutrikuko udaletxean egindako udalbatzaren ohiko osoko bilkuran. Batzarra oso luzea izan zen (bi ordu eta erdi pasakoa), eta eztabaidatu ziren gai guztien artean mutrikuarren artean ikusmin handia sortu duen gaietako bat eztabaidatu zen: Mijoa enpresa haztegiaren inguruan hainbat herritarrek aurkezturiko adierazpena.
Jose Angel Lizardi alkateak adierazi zuenez, proiektuaren inguruko hainbat zalantza izan dituzte, eta hori dela eta, berau aztertzeko beste sei hilabeteko luzapena eskatu zuen udalak. “Agintaldia hasi berria genuen, eta ez genuen horretarako nahikoa denborarik. Hortaz, esleipena sinatu edo ez erabakitzeko luzapena eskatu genuen”.

Mutrikuko osoko bilkura
Egitasmoa aztertu ondoren, jeltzaleek berau ez babestea erabaki dute. “Ez dugu sinesten planteamenduan. Hortaz, ezin diogu baietzik eman”. Euren iritziz, proiektuak ez du ustezko erabiltzailerik. Eman zituzten datuen arabera, bi interesatu besterik ez dira agertu. “Eskatzaile horiek gure laguntza jasoko dute, eta bien bitartean, beste toki batzuetara bideratuko ditugu”.
Proiektuaren erabilerak kezkatzen ditu jeltzaltzeak, ez proiektuak berak; eta aldundia ere iritzi berekoa dela azaldu zuten. Proiektua “inbertsiotik hasten delako” aldundia atzera bota zela azpimarratu zuten jeltzaleek. “Aldundiko arduradunen arabera, inbertsioa hasieratik egin beharrean, hau guztia dinamizatu egin beharko litzateke, eta gauzak atzezkoz aurrera egin direnez, proiektua gelditzea erabaki dute”.
Nekane Illarramendi zinegotzi jeltzaleak nabarmendu zuenez, inguruotako baserritarrekin egin dituzten batzarretan, eraldatze gunean “ez dute interesik jarri”. Baserritarren aldetik beste eskakizun batzuk dauden jakitun, horiei kolpe egitea erabaki dute. Inbertsioak, besteak beste, auzo bideetan egingo dituzte.

Osoko bilkura
Berdeak Independeteek ere, ez dute egitasmoa ontzat ematen eta abstenitu egingo direla aurreratu zuten. “Ez da aukera txarra, baina proiektua teilatutik hasten dela deritzogu. Ezin diogu baietzik eman, testuingurua desegokia dela iruditzen zaigu”, adierazi zuen Iñigo Agirre zinegotziak. Era berean, euren arabera, proiektuak bideragarritasun plan bat behar duela ere aditzera eman zuten. “Bideragarritasun plan bat beharrezkoa eta ezinbestekoa dela deritzogu, eta proiektu honetan ez dugu horrelakorik ikusten”.
B+I taldearen iritziz, aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lagundu ezean, “udalaren menpe” amilduko lirateke gastu guztiak, eta udalak horretarako gastu partida handi bat bideratu beharko luke. “Gure ustez, ardura hori udalaren eskumenetik kanpo geratzen da”.
EH Bilduko kideek, aldiz, udalak aurreko agintaldian hitzartutako egitasmoa bultzatu zuen. Beraien arabera, aldundiak ez dio egitasmoari ofizialki ezezkorik eman. “Guri ahoz esandakoaren arabera, proiektua aztertzen ari dira, baina horren inguruko ezer ez dago idatziz; ez aurkakorik, ez aldekorik”.

Aurreko eguenean egindako osoko bilkura
Jon Naberanen iritziz, “ezezkoak aurreko lau urteotan egindako lana hankaz gora utziko luke”. Horren harira, ezezkoa herriarentzako “galera handia” izango litzatekeela adierazi zuen Markel Arizmendi zinegotziak. “Proiektu integral baten aldeko apustua egin genuen. Mutrikun dinamika interesgarri bat jarri daiteke abian; alkate jauna sinatu ezazu”. Euren ustez, egitasmoa “beharrezkoa” da, lehen sektoreak “bizirik iraun” nahi baldin badu behintzat.
Beste bi taldeek ezezkoa ematearen arrazoiei erantzun zien Arizmendik. Plan estrategiko batetik gauzatutako proiektua dela nabarmendu zuen. “Bideragarritasun planik ez duela diozue, baina egindakoa iruditzen zaigu balizkoa dela. Debabarreneko 200 ustezko ekoizle inguru batzen dira memorian, eta Gipuzkoan horrelako bi zentro egitekotan badaude, etorriko liratekeenak gehiago izango lirateke”.
Azkenik, mozioaren inguruko eztabaidaren erabakia honakoa izan zen; EH Bildu mozioaren alde agertu zen, eta EAJ eta B+I aurka agertu ziren. Agintariek azaldu zutenez, erabaki ofiziala beste udalbatza batean onartuko da.