Ager Solabarrietak Espainiako finalerako txartela lortu du
Espero modura, Ager Solabarrieta tiratzaile olinpikoak aurten ere Espainiako Txapelketako finala jokatuko du. Gasteizen asteburuan jokatu den sailkapen proban fin ibili ez bazen ere, sailkatzeko besteko puntuazio nahikoa lortu zuen ondarrutarrak.
Guztira, 552 puntu lortu zituen, finalean sartzeko beharrezkoak zirenak baino bi gehiago. «Emaitza aldetik oso egun eskasa izan nuen. Urduri egon nintzen, eta justu-justu sailkatu nintzen. Lehen 20 tiroetan, esaterako, ez nuen askorik asmatu eta puntu asko galdu nituen. Eskerrak, gerokoan, neure buruan galdutako konfiantza berreskuratu, eta tiro hobeak egitea lortu nuen».
Hain zuzen ere, aurten karabina berriari egokitzen ari da Solabarrieta. Bere iritziz, aurtengo emaitzak ez dira iazkoak moduko oparoak izango. Momentuz, lehenengo txapelketa eskuratua du ondarrutarrak: Euskadiko liga.