Ondarroako udal arduradunen eskariz, orain urte batzuk herrian zerbitzua ematen zuen anbulantziaren antzeko ezaugarriak zituen bat ipini da berriro. Izan ere, oinarrizko bizi euskarria ematen duten anbulantziez arduratzen den enpresak orain hilabete batzuk ibilgailuak aldatu zituen, eta horiek arazoren bat edo beste eragin dute Ondarroan.
Zehatz esanda, ibilgailuak zer edo zer handiagoak ziren, eta lehen zeuden anbulantziak ailegatzen ziren toki batzuetara ailegatzeko arazoak zituzten. Aurreko astean, esate baterako, gertatu zen arazo horietako bat. Anbulantzia gaixoa artatu behar zuen etxera ailegatu ezinik ibili zen.
Ondarroako anbulantzia. Argazkia: Ondarroako Udala
Hori gertatu ostean, hainbat kexa eta eskari jaso dituzte udaletxean, eta udal arduradunek eskaera horiei erantzun azkarra eman nahi izan die. “Gai hori gure konpententzia ez baldin bada ere, herritarrei ahalik azkarren irteera bat ematea ahalegindu gara”.
Azken egunotan ibilgailuez arduratzen den enpresako arduradunekin harremanetan jarri dira udal ordezkariak, eta ibilgailua aldatzeko ez dute inongo eragozpenik izan. Hortaz, tamainaz zer edo zer txikiagoak direnak jarri dituzte berriro.