Joan den domeka goizaldean, irailak 27, Lekeitioko batzokia beste behin ere pinturaz erasotu zutela salatu du Lekeitioko EAJk. «Beste aro politiko batean murgilduta gaudela suposatzen bada ere, EAJko kideok mehatxuak jasotzen jarraitzen dugu», esan dute.
Lekeitioko batzokian agertutako pintaketak. Argazkia: EAJ
Batzokia erasotzeagaz gain, EAJ alderdiarekiko mezu gogorrak ere agertu zirela azaldu dute Lekeitioko jeltzaleek: «PNV sutara»; eta horrez gain, «terrorismoa goraipatzen zuten mezuak» eta «ETAko kideak gudariekin parekatzen zituztenak» ere irakurri ahal zirela. Azken parekatze hori onartezina iritzi zaio EAJri. «Onartezina da gure aberria den Euskadi 1936ko altxamendutik eta faxismotik defendatzeko beraien bizia eman zuten Gudariekin alderatzea».
Argazkia: EAJ
Horrelako jarrerak onartezinak eta erabat gaitzesgarriak direla adierazi dute, eta bake eta normalizazio prozesuan aurrera egitea eragozten dutela uste dute, «bake prozesuari inolako ekarpen positiborik egin barik eta herritarren artean etsipena zabalduz». Azken finean, horrelako ekintzek «batzuen ahulezia politikoa eta kultura demokratikoaren falta» erakusten dutela diote.
Erasoa larria dela azpimarratu du EAJk, eta horren aurrean ezin direla isilik geratu, «demokraten, eta, beraz, lekeitiarren kontra ere egin delako».
Argazkia: EAJ
Azkenik, EAJkoen ardura nagusia «herri honentzat garai politiko berria sortzen laguntzea» dela gogora ekarri dute, «beti herri honetako sentikortasun guztiak errespetatuz eta edozein bortizkeria motaren aurrean zero tolerantzia izanik».