Bigarren urtez, Ugaitz Mugertzak lehen mailan jarraituko du. Domekan [irailak 27] Aian egin zen Euskadiko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa bederatzigarren amaitu ostean, helburuak bete dituela nabarmendu du mutrikuarrak. “Nire helburu nagusia lehen mailan mantentzea zen, eta hortaz, pozik nago. Hogei minutu inguruan jokatu zen denboraldi osoa, eta hori ez da bat ere erraza”.
Ugaitz Mugertza Galbaixon egindako erakustaldianc
Mugertzak mailari eutsi baldin badio ere, ez du finalean sartzeko aukerarik eduki. Bere iritziz, ez zen ondo moldatu plazan. «Fisiko mailan, ez nuen egunik onena eduki; giharreak, esaterako, gogortuta sumatu nituen. Hobeto ahal nuela egin uste dut, eta posturen bat edo beste gorago sailkatu, baina fisikoki ez nintzen gustura sentitu. Nire onena eman nuen, eta aurkari batzuk atzetik nituela ikusita, lasaiago hartu nituen lanak».
Aiako sei finalistak. Argazkia: Euskadiko Herri Kirol Federazioa
Sailkapen probari dagokionez, lehen sei sailkatuek jokatuko dute urriaren 12an Basaurin jokatuko den finala. Faboritoek ez zuten hutsik egin eta aurreko postuetan sailkatu ziren.
Aitzol Atutxa izan zen lanak amaitzen lehena eta haren atzetik sailkatu ziren Floren Nazabal, Jon Irazu, Iñaki Azurmendi, Joxe Mari Olasagasti eta Joseba Otaegi.