Ondarroako Kalare Deuna kofradiako arduradunek emandako datuen arabera, aspaldiko partez, gaur [urriak 1] lehorreratu dute sardina baxurako arrantzaleek.
12:00ak inguruan porturatu dira
Madre Juanita eta
Nuestro padre Tonino, eta bi ontzien artean Teilagorrien inguruan (Landen parean) harrapatu dituzten 1.200 kaxa sardina deskargatu dituzte.
Nuestro padre Tonino ontziko marinelak sardina deskargatzen, artxiboko irudian
Hegaluzeari dagokionez, ostera, asteon ez da askorik saldu. Izan ere, eguraldi txarra egon azken egunotan, eta ontzietako asko portuan lotuta egon behar izan dira.
Ontziak, hain zuzen ere, itsasladi txarretik ihesi aurreko asteburuan porturatu ziren ontziak, eta astelehenean saldu zuten arraina. Guztira, Lekeitioko hiru ontzik eta Ondarroako batek harrapatutako 7.400 kilo hegaluze saldu ziren. Batez ere, freskorako saldu zen arraina, eta bataz beste, 2,60 euroan saldu ziren hiru kilotik beherako aleak.
Eguraldiak berriro onera egin duenez, atzo [irailak 30] itsasoratu ziren berriro hegaluzetan ari diren ontziak. Batzuk, inguruotan gelditu dira, eta beste batzuk, aldiz, Galizia aldera joan dira tamaina handiagoko arrainaren nahian.
Baxurako ontziak, Ondarroako portuan
Kostaldetik hurbil arrantzan ari diren ontziei dagokienez, haginzorrotz, betandi eta txixarro ale batzuk arrantzatu dituzte asteon.
Amuko ontziak, ostera, legatzetan ari dira egunotan. Kofradiako bentako arduradunen esanetan, nahikoa garesti ari da saltzen legatza; sei euroren bueltan. “Eskaintza falta dago, eta hortaz, ohi baino garestiago ari dira saltzen”.