Inhar Urruzuno Pagoaga harrijasotzaile ondarrutarrak Euskadiko harri txikien txapelketa jokatuko du domekan [urriak 4], Aian. Iazko Euskadiko txapelduna titulua mantentzen ahalegindu da punta-puntan dabiltzan Gipuzkoako beste hiru harrijasotzaileren aurka. Honakoak izango dira Urruzunoren aurkariak: Jagoba Otaegi, IƱigo Eizagirre eta Aimar Irigoien.
Urruzunok nabarmendu duenez, aurten titulua lortzea zail egongo da. Bere iritziz, Aimar Irigoieni aurrea hartzea ez da batere erraza izango. “Parte hartuko dugun beste hiruron gainetik dagoela esango nuke; gaur egungo harrijasotzailerik onena da Aimar Irigoien. Txapelketari begira, onena ematen saiatu naiz plazan. Nire helburu nagusia iazko marka hobetzea da”.
Inhar Urruzuno harri jasotzen
Fisikoki bere burua ondo ikusten duela dio, baina urtaro aldaketak ez diola batere onik ere aurreratu du. “Asmatikoa naiz, eta udazkenean egoerak ez du hobera egiten, baina hori ez dut uste arazo handia izango denik lanak ondo egiteko”.
Norgehiagokari dagokionez, lanak egiten zein txanda izango duten zozketa bidez erabakiko da. Guztira, lau harri jaso beharko dituzte, eta bakoitzagaz aritzeko hiru minutu izango dituzte. 125 kiloko harri laukizuzena jaso beharko dute lehendabizi, eta ostean, 125 kiloko zilindrikoa eta 112,5 kiloko kubikoa. Azkenik, 100 kiloko bolagaz amaituko dituzte lanak.
Inhar Urruzuno harri jasotzailea
Harriei dagokionez, denekin ondo moldatzen dela azpimarratu du Urruzunok. “Azken denboraldia eta gero, gustura sentitzen naiz harri denekin. Betiko legez, indarrak ondo neurtu beharko ditut. Hasieratik indarrak hustu beharrean, azken harrirako ere indarrak gorde beharko ditut, dena eman ahal izateko”.