Bizi-bizi eta kolorez beteta hasi da hirugarren Marabilli Sormen Festibala. Goizeko eta arratsaldeko ekimenen ostean, Kofradia Zaharraren paretik hasi zen kalejira koloretsuak eman zion hasiera jaialdiari atzo [urriak 1].
Kalejira koloretsuaren hasiera
Manuel Elu aurretik zutela, eta Kresala Musikak lagunduta, Beikozinirantz abiatu zen ileordez eta marabilliko kolore gorridun banderekin betetako kalejira. Behin Behikozinira ailegatuta, arraun taldeko kideak zain zituzten harrera egiten euren arraunekin.
Eguneko unerik hunkigarriena eta politena, jaialdiaren beraren inaugurazio ekitaldi xumea izan zen. Izar Aramaiok, Aitzol zenaren alabak, sarrera eman zion iluntzeko ekitaldiari Beikoziniko aurrean batutako jendetzaren aurrean. Aramaio gazteak argazki-filmeekin egindako zinta moztu zuen, Kirmen Uribe manuelistaren besoetan igota.
Inaugurazio ekitaldia
Jendez bete-bete egindako aretoan hasi zen Sormena 10 minutuan deritzon ekimena. Txo! antzerki kolektiboko kideek gidatuta egin zen ekimena. Ohikoa den modura, ez zen umorerik falta antzerkiko bi kideen artean. Punk estiloko itxurekin agertu ziren jende artera, eta euren ateraldiekin batek baino gehiagok barre algara ederrak egin zituen.
Joseba Sarrionandia idazlearen saiakerak eman zion hasiera ekimenari. Sarrionandiak bidalitako testuaren zati bat Txomin Letamendi eta Kirmen Uribe manuelistek irakurri zuten. Hain zuzen ere, Marabilli berbaren inguruan idatzi zituen berbok Sarrionandiak. Han bildutako publikoak, gainera, testu osoa irakurtzeko aukera izan zuen. Izan ere, sarreran testua banatu zieten antolatzaileek ikusleei.
Jose Pablo Arriaga
Ondoren, Pepe Mugikaren bideo bat proiektatu zuten. Mugikak, besteak beste, bere gustuko poemari buruz hitz egiten zuen bideoan. Uruguaiko presidentea izandakoaren hitzen ostean, Uxue Alberdiren txanda izan zen. Poema bat irakurri zuen, eta gero momentuan bertan inprobisatutako kantu bat abestu zuen han batutako guztien gozamenerako.
Alberdiren atzetik, Jose Pablo Arriaga eskultore markina-xemeindarraren txanda izan zen. Arriagak bere ibilbide artistikoaren errepaso bat egin zuen, eta gaur egun egiten ari den proiektuen berri ere eman zuen. Batez ere, teilek bere obran duten garrantziari buruz aritu zen.
Ostean, Jon Badiola musikari ondarrutarrak sare sozialetara igotzen dituen kantuak eta bideoak nola sortzen dituen azaldu zien ikusleei. Sorme prozesuaren berri eman ondoren, berak egindako azken bideoa proiektatu zuten.
Itziar Ituño
Gerokoan, Itziar Ituño aktorea igo zen oholtza gainera. Berez, Elena Irureta zen etortzekoa, baina harek ezin zuenez, Ituño etorri zen ekitaldira haren ordez. Asteon, Oscar sarietako izendapena jaso duen Loreak filmaren aktoreetako bat da Ituño, eta Txo! antzerki kolektiboko kideek keinu bat izan zuten izendapenagaz.
Hain zuzen ere, olgetako Oscar txiki bat eman zioten Ituñori aretoan batutako jendearen barre artean. Aktoreak bere bizitzako hainbat bizipen kontatu zituen. Hala nola, Ondarroako barnetegian euskara ikasten egon zela aipatu zuen eta Guztiok Ondarru ere abesten aritu zen. Aktorea izateaz gain, pandero jolea ere bada Ituño, eta bere garaian, panderoko teknika hobetzen Nekane Akarregi manuelistarekin ibili zenez, Akarregi oholtza gainera gonbidatu, eta biek panderoa jo eta kantuan ere aritu ziren.
Azkenik, Porrotx pailazoaren txanda izan zen. Bakarrizketa bere pertsonaiarik ezagunenarekin hasi bazuen ere, Jose Mari Agirretxek pailazoaren sudurra kendu, eta helduentzako bakarrizketa eskaini zuen, estreinako agertoki batean. Batez ere, bere bizipenen berri eman zuen. Besteak beste, euskalgintzak bere lanean duen garrantziari buruz luze aritu zen.
Zazpi gonbidatuen saioen ostean, atsedenaldi txiki bat egin zen. Unanue Musika Eskolako kideek saxofoiagaz giroa alaitzen zuten bitartean, aretoan bildutakoek pintxo bat edo beste jateko aukera ere izan zuten.
Manuel Rivas
Atsedenaldia eta gero, Manuel Rivas idazle ezagunaren poema errezitaldia hasi zen. Antolatzaileek nabarmendu zutenez, Rivasen moduko pisua duen idazle bat Ondarroan izatea “ohore bat” izan zen. Izan ere, Galiziako idazlea aurrekoetan gonbidatu bazuten ere, beste konpromezu batzuk zituela eta, ezin izan zen etorri atzora arte. Ramon Ibarra aktoreak eman zion sarrera ekimenari, eta ondoren, Rivasek hainbat poema irakurri zituen gazteleraz zein galizieraz.
Jaialdiko lehen eguna DJ Elepuntok eskainitako kantuekin batera gerriak astinduz agurtu zuten.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.