Makilak eskuetan hartuta, Markina-Xemeingo Nordic Walking guneko ibilbide berdea estreinatu zuten 30 ibiltarik baino gehiagok, zapatu goizean. Teknikaren hastapen-kurtsoa izan zuen lehenengo makilak zelan erabili ikasteko, eta ibilbidea egitera joan ziren ondoren. Ibilbidea erraza iruditu zitzaien, “edozeinek egiteko modukoa”.

Markina-Xemeingo Nordic Walkin Guneen inaugurazioan parte hartu zutenak. Argazkia: Markina-Xemeingo Udala
Markina-Xemeingo bizilagunez gain, inguruko herrietako, Durangaldeko eta Bilboaldeko ibiltariak ere batu ziren Markina-Xemeingo Nordic Walking Gunearen inauguraziora, bai eta Santanderko bikote bat ere. Izan ere, Nordic Walking kirol jarduera gero eta jarraitzaile gehiago izaten ari da, 3,5 miloit pertsonatik gora praktikatzen dute Europan, gaur egun.
Kirol praktika horrek osasunean eragin onuragarri asko dituela diote adituek (kardiobaskular-ahalmena hobetu, presioa gutxitu belaun eta orkatiletan eta kontsumo energetikoa handitu), eta erregulartasunez eginez gero estresa gutxitzen laguntzen omen du.
Nordic Walking Guneen sarea 2012an jarri zuten martxan, nazioarteko ereduetan oinarrituta. Gaur egun, hogei gune daude, Araban gehienak, baina, apurka-apurka Bizkaira eta Gipuzkoara ere zabaltzen ari dira.
40 kilometro
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren laguntzagaz, Markina-Xemein ere Nordic Walking Guneen sarean sartu da. Lau ibilbide prestatu dituzte, maila ezberdinetakoak, eta egileek jakitera eman dutenez, guztiak, “erraz jarraitzeko moduko” seinaleak dituzte. Gainera, ibilbideen puntu guztiak aztertu dituzte adituek, kirol hori praktikatzeko egokiak direla ziurtatuz. “Seinaleak berdinak dira gune guztietan, horrela, beste herri bateko ibilbideak ere erraz egin daitezke”, zehaztu dute. Ia 40 kilometrotan jarri dituzte seinaleak Markina-Xemeinen.

Jendea ibilbide berdea egiten zapatu goizean. Argazkia: Markina-Xemeingo Udala
Kanteramotxa, Arkillogana, Ubilla-Urberuaga eta Orbero dira Markina-Xemeingo Nordic Walking guneko lau ibilbideak. Koloreetan banatzen dira sailtasunaren arabera. Informazio guztia eta mapak udaletxean, Atxondo kiroldegian edo
www.nordicwalkinggunea.net web orrialdean eskuratu daitezke.