Asteburuan lehiatu den Berangoko Nazioarteko 28. Milia irabazi du, txikien mailan, Tximista atletismo taldeko Aiora Agirregomezkortak. Markina-Xemeingo gazteak lehen postua lortu zuen 6 minutu eta 12 segundoko denbora eginda. Lasterketa oso ondo kontrolatu zuela azpimarratu dute Lekeitioko taldeko arduradunek.

Aiora Agirregomezkorta Berangoko Nazioarteko 28. Miliako podiumean. Argazkia: Tximista
Nazioarteko atleta hoberenak bildu ditu berriz ere, Berangoko lasterketa ospetsuak. Maila handia eta parte hartze handia izan dira nagusi. Nazioarteko talde horien artean egon dira bai eta Lekeitioko Tximista Atletismo Taldeko kirolariak ere, eta “lan bikaina” egin dutela, azpimarratu dute taldeko arduradunek.
Aiora Agirregomezkortaren garaipenaz gainera, kadete eta gazteak ere ondo aritu zirela azaldu dute Tximistakoek. “Euren espezialitatea izan ez arren oso ondo aritu ziren eta pozik bueltatu ziren etxera”.

Tximista Atletismo taldeko atletak probak amaituta. Argazkia: Tximista
Aroa Egia kadeteak, 10. postua lortu zuen 07:06 denborako marka eginez; Asier Urzaa kadeteak, 9. postua eskuratu zuen 05:52 denbora eginda; eta Mikel Dolaraga gazteak 05:40 denboragaz 11.postuan sartzea lortu zuen.
Nagusien probak
Carlos Alonso asturiarra eta Solange Pereira portugaldarra izan dira Berangoko Nazioarteko 28. Miliako proba garrantzitsuenetako irabazleak. Gizonezkoen probako garaipena eskuratzeko 4 minutu eta 27 segundo behar izan zituen Alonsok (Oviedoko Unibertsitatea), eta 5 minutu eta 5 segundoko denbora behar izan zuen Pereirak (Bikila) podiumaren gorengo postua bere egiteko.