Zapatuan lagun artean ospatu zuten kuadrillen egun handia. Eguraldia lagun izan zuten gainera, eta bazkari ederraz gozatu ahal izan zuten kanpoko frontoian bilduko herritarrek.
Bapo jan eta edan ostean, arratsaldean bolo txapelketan duten abilezia erakutsi zuten kuadrilletako kideek. Ohiturari eutsiz asko izan ziren bolo jaurtiketan ibili zirenak, eta barre-algara itzalak egin eta eragin zituzten. Xabier Lakak irabazi zuen bolo txapelketa. Ostean, igelaren jokoan ere primeran pasatu zuten, eta denen artean Juan Domingo Gallatebeitia nagusitu zen.
Gero, iluntzean txapel jaurtiketan lehiatu ziren herritarrak. Askok esperientzia badutela argi utzi zuten, baina, guztietan onena Lander Garai izan zen.
Giro ederrean egun pasa galanta egin zuten kuadrillek. Musikarik ere ez zen falta izan; txistulariek izan zuten ingurua alaitzeko ardura.