Mutrikuko Bertso Eskolak abian jarri du 27. Okelar anaiak bertsopaper lehiaketa. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, interesatuek azaroaren 20a aurretik bidali beharko dituzte lanak.
Lehiaketa
bi mailatan banatuta egingo da; batean, gazteek (15 urtera artekoek) parte hartu ahal izango dute, eta, bestean, helduek (16 urtetik aurrerakoek). Bertso Eskolako kideek azpimarratu dutenez, gazteek, gutxienez, hiru bertso edo sei kopla bidali beharko dituzte. Helduek, aldiz, gutxienez sei bertso bidali beharko dituzte.
Azpillaga eta Roman Okelar bertsotan. Argazkia: Kalaputxi
Beste urteetan modura, bertsoen
neurria eta doinua libreak izango dira, eta gaiari dagokionez, bertso paperek Okelar bertsolariekin (Roman eta Modesto Maiz) zerikusia izan beharko dute.
Lehiaketaren oinarrietan agertzen den bezala, bertso sorta batek ez du sari bat baino gehiago jasoko, eta epaimahaiak hala iritziz gero, sariren bat eman gabe utzi ahal izango da. Bestalde, bertsoak jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta inon saritu gabeak izango dira, eta lanak
izenorde batekin sinatuta aurkeztuko dira. Bertsoekin batera, ezizena agerian duen gutunazalaren barruan bidaliko dira egilearen izenordea, izena, helbidea, adina eta telefonoa.
Horrez gain, bertso bakoitzari bere ordena zenbakia ere jarriko zaio, eta bertso sorta bakoitzaren doinua ere zehaztea komeni da. Lanak posta elektronikoz bidali nahi duenak bi artxibo bidali beharko ditu doc (word) edo odt (writer) formatuan. Artxibo batean bertso sorta bera eta ezizena idatziko ditu, eta bestean bere datu pertsonalak: ezizena, izena, helbidea, adina eta telefonoa.
Roman Okelar sariak banatzen. Argazkia: Kalaputxi
Lanak helbide honetara bidali behar dira:
mutrikube@gmail.com posta elektronikora edo Luardo Etxera (Barrenkalea, z/g) 20830 Mutriku (Gipuzkoa-Euskal Herria), Okelar anaiak bertsopaper lehiaketa Mutrikuko Bertso Eskola idatzita.
Sari banaketa abenduaren 19an Okelar anaiei egingo zaien omenaldian egingo da, Galbaixo jatetxean. Sariei dagokienez, honakoak izango dira:
GAZTEEN MAILA
1. saria. Txapela eta 50 euro.
2. saria. Oparia
Mutrikuar onenaren 1. saria. Oparia.
HELDUEN MAILA
1. saria. Txapela eta 300 euro.
Aipamen berezia. 150 euro.
Mutrikuar onenaren saria. LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAren urtebeteko harpidetza eta bi lagunentzako afaria.