Etzi, 09:00etan hasita eta eguerdira bitartean, lau neurketa jokatuko dituzte. Igandean, berriz, bi norgehiagoka ikusteko aukera egongo da Miruaitz pilotalekuan. Halaber, astelehenean jai eguna dela aprobetxatuta, lau partida jokatuko dituzte.
Aurten 22 bikotek eman dute izena, eta horiek bi kategoria ezberdinetan lehiatuko dira: Lehenengo mailakoak eta bigarren mailakoak. Kategoria bakoitzean 11 bikote ariko dira. Danok Bat Pilotazale Elkarteko antolatzaileek adierazi dutenez, aurten iaz baino hiru bikote gehiagok eman dute izena. “Gainera, aurten jende asko kanpotik dator eta horrek poza ematen du”, zehaztu dute.
Besteak beste, lehenengo mailan Mutrikuko hiru bikote, Ondarroako lau bikote eta Berriatuko bikote bat ariko dira. Bigarrenean, aldiz, lau bikote mutrikuar, Lekeitioko bikote bat eta ondarrutar eta mutrikuar banarekin osatutako beste bikote bat daude. Horiekin batera, Zumaiako, Zestoako, Eibarko, Soraluzeko eta Aizarnazabalgo partaideak izango dira Mutrikun lehian.
Liga bezala antolatu dute txapelketa, eta maila bakoitzean bi talde egongo dira. Gero, kanporaketak jokatu ostean, talde bakoitzetik lau bikote sailkatuko dira final laurdenetara.
Partida gehienak asteburuetan lehiatuko dituzte, baina, egunen batean arazoren bat badago astearteetan edota asteazkenean ere jokatzeko aukera izango dute. Horrela, txapelketaren finala abenduaren erdialdera izatea aurreikusi dute. Txapelak, trofeoak eta materialaz gain, sari gehiago ere izango direla jakitera eman dute antolatzaileek.
Bestalde, aurtengo berrikuntza parte hartzaile guztiak txuriz jantzita jokatuko dutela izango da.