Aurreko astean udazkeneko lehen sardina aleak agertu zirenez geroztik, barra-barra ari dira arrantzatzen baxurako ontziak. Gaur [urriak 8], esate baterako, 100 tona inguru saldu dira Kalare Deuna Kofradiako bentan.
‘Nuestro padre Tonino’ ontziko marinelak sardina deskargatzen
Goizean lehorreratu dituzten lehen aleak, esaterako, prezio onean saldu dituzte arrantzaleek. Arrainik handienak saldu dira garestien; kiloa 1,50 euro inguruan. Ale txikienak, ostera, 85 zentimo bueltan saldu dira. “Udazkeneko lehen ale hauek nahikoa polito ari dira saltzen. Merkatuan, egunotan, eskaria handitu egin da, eta hortaz, prezioek zer edo zer gora egin dute”. Tamainari dagokionez, nahikoa handia izan dela nabarmendu dute kofradiako arduradunek. Kiloan, 20-21 ale bitartekoa.
Sardina gehitzen ari dela ikusirik, gainera, Ondarroako Egidazu Kaian egoten den ohiko mugimendua handiagoa bihurtu da. Euskal ontziez gain, Kantabria, Asturias eta Galiziako baxurako ontziak sardinatan hasi dira, eta hurrengo egunetan gehiago izan daitezkeela espero da. Teilagorrien parean (Landetan) ari dira arrantzatzen arraina, Ondarroatik bost bat ordura.
Arrantzaleak sardina deskargatzen
Sardinetan ari diren ontziez gain, beste askorek hegaluzetan jarraitzen dute. Eguraldi txarra egon da azken egunotan, eta hortaz, ez da gehiegirik saldu.
Datuei dagokionez, 10.000 bat kilo saldu dira asteon Ondarroako bentan. Zehatz esateko, astelehenean 6.600 kilo saldu ziren, eta eguaztenean, beste 2.900 kilo. Tamaina aldetik, batez ere, arrain txikia ari dira porturatzen (hiru kilotik beherakoa), eta hori dela eta, prezioek ez dute aldaketa handirik eduki. Asteleheneko aleak, bataz beste, kiloa 2,66 euroan saldu ziren, eta eguaztenekoak, 2,80 euroan.
Atzo [urriak 7] itsasoratu ziren hegaluzetan ari diren arrantzaleak, eta ontzi gehienak Asturias aldera abiatu dira, tamaina handiagokoaren bila.
Sardina kaxak kamioian sartzeko prest
Bestalde, legatzetan jarraitzen duten amuko ontzietako arrantzaleak garesti ari dira saltzen arraina. Aurreko astean gertatu modura, asteon ere ez dago eskaintza handirik merkatuan, eta hortaz, prezioek gora egin dute. Hiru eta lau kilo bitarteko legatza, esaterako, 7-8 euro bitartean saldu da. Tamaina ertainekoa, 5-6 euro artean, eta txikiena, aldiz, 4 euro inguruan.