Noiz hasi zineten gazta egiten? Zelan hartu zenuten ekoizle izateko erabakia?
Gorka Muniozguren. Proiektu honekin duela duela hamar bat urte hasi ginen. Lanetik irten eta gaur egun lantokia dugun gunea garbitzen hasi ginen; inbertsio txikiak egiten hasi ginen. Gerora, baina, potentziala zegoela ikusita, korta egin, gure lanak utzi eta egiteko honetan buru-belarri sartu ginen. Forma ematea lortu genuen, eta hemen gaude. Beti eduki dugu argi horrelako zer edo zer egin nahi genuela.
Iban Muniozguren. Duela bost urte inguru utzi genituen gure lanpostuak, eta orduan guk sortutako proiektu honetan barrura arte sartu.
Gorka eta Iban Muniozguren Larruz ahuntz gazta egileak
Hasiera horretan, zeintzuk zailtasun eduki zenituzten?
I.M. Hasiera batean izenik ere ez genuen, eta zaila egiten da ezagutara ematea.
G.M. Produktuari ere eskua hartzen ikasi behar izan genuen. Eta hori eginda, jendeari gure produktua probatzera ematen genion. Hasiera zaila da, izan ere, jendea ez dago ohituta ahuntz gazta jatera; ardi gazta nahi izaten zuten. Orain, baina, gero eta errazago saltzen dugu.
Beraz, marketing-a egitea izan zen zailena.
I.M. Bai marketing-a bai eta animaliak ere. Animaliei ere eskua hartu behar zaie. Ikastaroak-eta egiten dituzu, baina errealitatea ezberdina izaten da. Makineriari ere eskua hartu behar izan genion.
Eta azokek zer suposatzen dute zuen moduko ekoizleentzat?
G.M. Guretzat aukera bat dira azokak. Gure produktua probatzera emateko aukera suposatzen dute. Horrez gain, produktu horri ere aurpegia jartzen laguntzen digute. Produktuaren atzean dagoena ezagutu ahal izaten dute herritarrek.
I.M. Azken finean, azokei esker, erosleekin hartu-emana edukitzen dugu.
Azoketara joateko zelan prestatzen zarete?
I.M. Markina-Xemeingo azokara, produktua eramateaz gain, animaliak ere eramaten ditugu, eta, ondorioz, dena prestatu beharra edukitzen dugu.
G.M. Animaliak eramaten ez baditugu, ez dugu aparteko prestaketarik egiten. Loteei kalitate test-a egin, pixatu, plastikoa jarri eta saltzeko modura ipintzen ditugu.
Eta jendeak erosten du?
I.M. Lea-Artibain egiten diren azoketan saldu egiten da. Beste batzuetan ere bai, baina eskualdean bertoko produktua ondo saltzen da. Markina-Xemeingo azokaren kasuan, herritarrak erostera etortzen dira.
G.M. Guk Lea-Artibaiko azoketan saltzen dugu gehien. Ezagutzen gaituztelako, edo ez dakit zergatik, baina saldu egiten dugu. Askotan entzuten da azokak gero eta tristeago doazela, baina giroa egoten da, eta jendea erosketekin ikusten dugu.
Azoka gehiago egitea gustatuko litzaizueke?
G.M. Momentuz, egiten diren azokekin gustura gaude.
I.M. Ondarroan egiten den azoka kili-kolo egon zen sasoi batean, baina eutsi egin zaio. Eta hori da egin behar dena, daudenak mantendu egin behar dira. Markina-Xemeingo Okela Egunekoa ere berria da, eta oso ondo funtzionatzen du.
Herritarrei azokara joateko deia zelan egingo zeniekete?
G.M. Daukagun onena eramango dugula esango nieke. Mundu guztiaren aho sabaia konkistatzeko produktua jaitsiko dugula esango nieke, eta, ondorioz, etortzeko! Kalitatezko produktuak erosteko aukera edukitzeaz gain, ondo pasatzeko aukera ere edukiko dute.
I.M. Ekoizle guztiok eramango dugu daukagun onena. Baina herritarrei etortzeko eta kontsumitzeko esango genieke. Izan ere, jendeak erosten ez badu, ez dago azokarik. Azoketan kontsumitu egin behar da, bestela, akabo!