Zenbat urte daramatzazu Markina-Xemeingo Urriko Azoka Nagusian parte hartzen?
31 urte inguru daramazkit azokan parte hartzen. Bi edo hiru urtetan ez dut parte hartu, baina, ostera antzean, beti parte hartzen dut.
Marcelino Egurrola Adorrixa baserriko abeltzaina
Eta beti animaliekin parte hartu izan duzu?
Hori da. Zaldiekin eta behiekin beti. Urte bat edo bi egon ziren idiekin ere joan nintzena. Baina normalean zaldiak eta behiak eramaten ditut.
Azokan parte hartzeak zer ekarpen egiten dizu?
Ondo pasatzen dugu. Dirua ez da arrazoia. Ezkontzetan baino hobeto pasatzen dugu azoketan.
Markina-Xemeingo azoka zelakoa dela esango zenuke?
Azoka bera ondo dago. Dena dela, azken urteetan egin diren aldaketak ez zaizkit gustatzen. Izan ere, azkenaldian bertoko ganadu gutxiago egoten dira, eta kanpokoak gehiago. Blondak-eta kanpotik ekarri, eta horrela egin izan da azken urteetan.
Beraz, hemengo azoketan bertokoei lehentasuna eman behar zaiela uste duzu.
Bai. Kanpotik datozenen aurka nik ez daukat ezer, baina Amankomunazgoak antolatzen duen azoka bada, lehenengoak gu gara. Ostera antzean, Amankomunazgoko kartelak kendu besterik ez dute.
Zer lan suposatzen dizu azokara joateak?
Prestaketa lanak derrigorrez egin behar dira. Kanpaina egiteko ere, bi aste lehenago aske dabiltzan animaliak kortara sartzen ditugu. Eta azokara bagoaz ere, berdin. Pentsu gehiago eman, garbitu… Gero, animaliak aske ibiltzen dira. Eta lotuta ibiltzen ere irakatsi egin behar zaie. Animaliek itxuroso eta ondo egon behar dute azokan. Eta hori guztia lana da.
Jendeagaz hartu-emana zelakoa izaten da?
Jendeagaz oso ondo konpontzen gara, ez dugu arazorik edukitzen. Antolatzaileek, baina, federazioan dauden abeltzainen animaliak nahi dituzte; baserritar jantzita eta animaliekin egotea nahi dute. Ostera antzean, bertoko animalia hutsak erakustea ez dute nahi. Eta hori da ondo ez dagoena. Guk esaten diegu, bertokoak izate hutsagatik merezi dutela erakustea. Guk hasitako animaliak erakusteak eta gure lana bistaratzeak merezi duela. Blondak ez zeudenean ere, azoka berdin-berdin egiten zen.
Eliteko azoka egin nahi dute?
Bai. Orain egiten den azoka handiagoa ere bada, baina bertokoek beti eduki beharko lukete lekua.
Animaliak hazteko zeintzuk zailtasun dituzue?
Animaliak hazteak ez dauka zailtasunik. Eremu zabalak, zelai handiak behar izaten dira, eta hemengo lursailak txikiak dira. Hori da guk daukagun arazoa.
Azokan saltzen al da?
Bai. Egunean bertan zer edo zer saltzen da, baina, bestela, azoka egunean kontaktua egiten duzu, eta beste egun batean egiten da tratua.