Mutrikuko Gaztetxea auzolanean konpontzeko deia egin dute
Mutrikuko Gaztetxea elkarlanean biziberritzeko asmo irmoa hartu dute Mutrikuko Gazte Asanbladako eta Mutrikuko Rock Kolektiboko kideek. Bi taldeko kideek nabarmendu dutenez, gaztetxean aldaketa batzuk eta txukuntze lanak egitea beharrezkoa da. “Urte luzez jende askoren etxea izan da gaztetxea, eta konturatu gabe, edozein etxeetan modura, gauzak pilatzen eta batzen joan dira. Horrez gain, izan duen erabilerak eta ez erabiltzeak ekartzen dituzten albokalteak ere nabariak dira”.
Hartara, konponketa eta garbiketa lanak egitea erabaki dute. Hurrengo bi zapatuetan, urriaren 10ean eta 17an, auzolanean gaztetxea txukuntzeko deia egin dute. 10:00etatik aurrera batuta, egingo dituzte txukuntze lanak. “Espazioa modu ahalik eta txukunean gozatu, elkarrekin gozatu eta denon artean gauza politak antolatu eta eraiki ahal izateko aukera izango genuke. Hartu arropa zaharrak eta etorri laguntzera”.