Eusko Jaurlaritzak antolatutako Haur eta gazte literaturako
Euskadi saria irabazi du
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria Etxebarriko idazlearen Argiaren alaba-k. Idazleak berak editatu zuen lana Bizenta Mogel Elgezabal idazlearengan oinarritua dago. Datu errealetan oinarritutako fikzioa dela dio Etxebarriko idazleak.
Yolanda Arrietaren ‘Argiaren alaba’ liburuaren azala.
Gaurko bizimodua eta Bizenta Mogelen belaunaldikoa lotzen ditu nobelan Yolanda Arrietak, Mirari 17 urteko euskaldun amerikarraren bidez. Mirarik bere izeba Amaiagaz igaroko du 2013ko uda aitita-amamen lurraldean, eta «era bitxi batean, denboran salto eginez, bi mende eta laurden aurretik, bertan hazitako neska idazle baten bizimoduan murgilduko da».
Bizenta Mogelen belaunaldiko zenbait artista gazte europarren zertzeladak ere tartekatzen ditu Arrietak liburuan, J. Austen eta Mozart besteak beste, sasoi bereko pertsonaien arteko kointzidentziak eta ñabardurak agertuz. Horretaz gainera, Bizenta Mogelen idatziak ere aurkituko dituzte irakurleek nobelaren 160 orrietan barrena.