Markina-Xemeingo eskupilota taldeko Aimar Ibarlozak irabazi du 30. Cafes Baque eskuz binakako txapelketa, kadete mailan. 18-11 irabazi zuen Josu Agirreamalloa bere klubeko kidearen aurka. Markina-Xemeingo bi pilotariek maila handiko final estua jokatu zuten, eta bariku iluntzean [urriak 9] Durangoko Ezkurdi frontoian egon ziren zaletuek gozatu ederra hartzeko aukera izan zuten.

Txapelketako finalaren aurkezpena. Ezkeretik eskumara: Ibarluzea, Agirreamalloa, Laura Liaño (babeslea), Iker Amarika (Bizkaiko Eusko Pilota Federazioa), Kamiruaga eta Zapiko. Argazkia: bizkaiapilota.com
Ia ordubete inguruko partidan, oro har, tanto luzeak eta oso lehiatuak jokatu zituzten. Bi pilotariek bikote modura jokatzen dute, eta batak bestearen jokoa eta akatsak ondo baino hobeto ezagutzen ditu. Horrenbestez, estrategia onena eta gehien arriskatu zuenak irabazi zuen norgehiagoka.
Aurretik hasieratik
Partida hasi orduko aurretik ibili zen Ibarloza, eta gerokoan, abantaila horri eustea lortu zuen. 7-0 hasi zen norgehiagoka, eta Agirreamalloa abaintaila hori txikitzen gogor saiatu bazen ere, ez zuen Ibarlozari aurrea lortzeko aukerarik eduki.

Finalean parte hartu zuten lau pilotariak. Ezkerretik eskumara: Ibarluzea eta Agirreamalloa (kadeteak); eta Kamiruaga eta Zapiko (gazteak). Argazkia. bizkaiapilota.com
Ibarloza berez, atzelaria da, eta gogor eta asko jo zuen pilota. Hain zuzen ere, horixe izan zen partida irabazteko “koxka”.
Markina-Xemeingo eskupilota taldeko ordezkariak pozik agertu dira bi pilotariek egin duten txapelketagaz. “Klub modura guretzat oso berri pozgarria da. Bizkaiko txapelketarik onenetarikoa da, eta kategoria bereko finalean bi kide izatea izugarria izan da. Gure helburua, jokalari bat gutxienez finalean izatea zen, eta azkenean, bi izan ditugu”.