Azken lau urteak
Anbotoko Kilometro bertikalean parte hartu gabe egon ondoren, berriro ere lasterketa irabaztea lortu du Oihana Kortazarrek. Korrikalari mutrikuarrak azkenekoz parte hartu zuenean (2011n) lasterketako errekorra ezarri zuen, eta aurten ere errekor hartatik nahikoa hurbil ibili da; 48 minutu eta 16 segundo behar izan ditu helmugaratzeko.
Lasterketa bertikaletan erreferentzia bihurtu da Anbotoko proba, eta bertan parte hartzen duten guztiek, “proba berezia” dela nabarmentzen dute. Urtero Anbotoko aldapetan Euskal korrikalari eta Europako korrikalari onenak batzen dira Atxondo eta Anbotoko mendi punta banatzen dituen 3,8 kilometroak egitera.

Oihana Kortazar Anbotora bidean. Argazkia: Ale Goikoetxea
Kortazarrek ere “lasterketa berezia” dela nabarmendu du, eta berriro irabazteak ilusio berezia egin diola gaineratu du. “Lasterketan parte hartzen dudan hirugarren aldia izan da, 2011n lortutako errekorra eta gero, neure burua frogan jarri nahi nuen berriro. Hau da, 47 minutu eta 10 segundoko marka hobetzeko gai nintzen edo ez ikusi nahi nuen. Errekorra haustea lortu ez badut ere, garaipen ederra eta berezia da lortutakoa”.
Beste igoera bertikal batzuetan ez modura, Anbotokoan parte hartzaileek banan-banan irtetzen dute irteera puntutik, eta Kortazarrek nabarmendu duenez, azken irtetzeak “mesede” egin zion. “Araudiaren arabera, markarik onenak dituztenek azken irtetzen dute, eta niretzako behintzat aukera ona izan zen. Fisikoki nire burua oso ondo aurkitu nuen, eta aurretik irtendako korrikalarien pare jarri nintzenean irabazteko aukera ugari nituela jabetu nintzen”.

Nahia Quincoces Anbotora bidean. Argazkia: Ale Goikoetxea
Nahia Quincocesek, bestalde, ezin izan dio iazko lehen postuari eutsi. Hala ere, Arrazolako elizatik irten eta Anbotoko tontorrera azkarren heldu zirenen artean egon zen mendexarra. Zehatz esanda, hirugarren postua lortu zuen 51 minutu eta 10 segunduko markarekin. Bigarren postuan helmugaratu zen Vanesa Ortegak osatu zuen nesken podiuma.
Mutilen sailkapenari dagokionez, ordea, ez zen ezusteko handirik egon. Aitor Osa korrikalari debarrak (iazko txapeldunak) jantzi du aurten ere txapela. Haren atzetik sailkatu ziren Oier Ariznabarreta durangarra eta Imanol Goñi eatarra.