Eibar futbol taldeak zale talde ofizial berria aurkeztu du Mutrikun: Eibarkosta. Hain zuzen ere, taldeak berak aurkeztu duen 16. zale taldea da Mutrikukoa. Gaur [urriak 13] egin dute talde berriaren aurkezpena Etxe Kalte Elkarte gastronomikoan.
Aurkezpen ekitaldian taldea osatzen duten bazkideez gain, Eibar taldeko hainbat kide ere egon dira: Fran Garagarza kirol zuzendari mutrikuarra, eta Agustin Lahidalga eta Mikel Larrañaga kontseiluko kideak.
Larrañaga (zuzendaritza kontseiluko kidea), Garagarza (kirol zuzendaria), Unai Perez (Eibarkostako presidentea) eta Lahidalga (zuzendaritza kontseiluko kidea).
Taldea sortu duten lehen bazkideak pozik agertu dira aurkezpenean. Guztiek nabarmendu dutenez, herrian zale talde bat sortzearen beharra ikusi zuten. “Debabarrenean futbol mailan Eibarren berri ematea beharrezkoa zela bururatu zitzaigun. Fran Garagarza Eibarko kirol zuzendaria herritarra dela ikusita, gainera, zale talde bat berton sortzea idea polita zela iruditu zitzaigun”.
Ideia kasualidadez sortu zela ere adierazi dute. “Hain zuzen ere, bazkari giroan sortu zitzaigun ideia”. Eibarko taldeko zuzendaritza taldeko kideekin harremanetan jarri, eta talde berria sortzeko eginbideak egiten hasi ziren uda partean. Futbol taldeko kideek aldetik, erraztasun handiak izan dituztela argitu dute.
Eibarkostaren aurkezpena
Oraingoz, dozena bat bazkide batu dira talde sortu berrian, eta etorkizunean kide gehiago izatea espero dute. Bazkidetza egitean interesa dutenek Etxe Kalte Elkartera hurbiltzea besterik ez dute izango. Nahi duenak, gainera, bazkidetza posta elektronikoz (
eibarkosta@gmail.com) egiteko aukera ere izango dutela aurreratu dute zale taldeko kideek. “Bazkidetza doakoa da; datu pertsonalak ematearekin nahikoa izango da”.
Etorkizunera begira, gainera, herrira begira hainbat ekintza antolatzeko asmoa ere agertu dute. “Gazteen eta umeen artean futbol zaletasuna zabaltzea gustatuko litzaiguke. Batez ere, Gipuzkoan maila handiko beste talde bat badagoela agertu nahi dugu”.