Ibon Iparragirre Burgoa larriki gaixorik dagoen preso politiko ondarrutarraren “osasun egoera muturrekoa” bihurtzen ari dela eta, mobilizazioak deitu dituzte Iparra Galdu Baik plataformako kideek.
Ondarroan, esate baterako, preso ondarrutarraren “berehalako etxeratzea” eskatzeko eskualde mailako manifestazioa egingo dute domekan [urriak 18], 13:00etan.
Berandu baino lehen, Ibon etxea! lelopean egingo da ekimena, Alamedatik abiatuta.
Larriki gaixorik dauden presoen alde martxoan Ondarroan egindako manifestazioa
Plataformako kideek nabarmendu dutenez, Iparragirreren
osasun egoera “oso kezkagarria” da. Gaixotasun sendaezina du ondarrutarrak; oso garatua eta larria den 3C estadioko Hiesa du.
Senide eta lagunen iritziz, kartzelan bizi duen egoerak bere osasunari ez dio batere onik egiten. Are gehiago, 2014ko martxoaren 7an atxilotu eta berriro espetxeratu zutenez geroztik,
osasun egoerak “gainbeheran” jarraitzen duela azpimarratu dute. “Alcala Mecoko kartzelan oso baldintza kaskarretan daukate. Gainontzeko euskal preso politikoengandik isolatuta dago, eta horrez gain, bakartuta ere badute. Bere osasun arazoak direla eta, laguntza beharrezkoa du bere egunerokotasuna normaltasunez egiteko, eta bakarrik dagoenez ez du zeinek lagundu”.
Amatatzen
Egunetik egunera bere osasun arazoak areagotzen ari direla ohartuta, “berehala etxeratzea eta askatzea” eskatuko dute domekan Ondarroako kaleetan barrena. “Ez da bidezkoa Ibon dagoen egoeran kartzelan mantentzea. Bere osasun egoera dela eta, orain momentuan ospitaleratuta egon beharko luke. Bere defentsak oso baxuak dira, eta horrez gain, duen karga birala oso handia da. Egoera hau luzatzea ez da batere ona bere egoera larriarentzat”.
Larriki gaixorik dauden presoen alde Ondarroan egindako manifestazioa
Era berean, presoa pairatzen ari den sakabanaketa egoera ere salatu nahi dute. “Ez dugu ulertzetzen oraindik ere zergaitik duten kartzelan, etxetik hain urrun. Ibonek bi ume ditu, eta haiek aitaren premia handia somatzen dute. Era berean, momentu honetan berak Ibonek ere ingurukoen beharra duela deritzogu”.
Iparra Galdu Baik plataformako kideek Iparragirreren osasun egoeragaz oso arduratuta jarraitzen dute, eta
“edozein momentutan edozer gerta liokela” ohartarazi dute. “Astero egin dituzten bisitetan haren egoerak nabarmen txarrera egin duela konturatu dira senideak eta lagunak. Geroago eta gogo gutxiago du denerako; amatatzen doa geldika-geldika”.
Elkarretaratzea Bilbon
Domekan egingo den manifestazioagaz gain, datorren martitzenean [urriak 20] elkarretaratzea egingo dute Bilboko Albia lorategietan, 10:30etik 13:00etara. “Ibonen giza eskubideen errespetua aldarrikatzeko eta bere berehalako kaleratzea eskatzeko, mobilizatzen jarraitu behar dugu. Berebiziko garrantzia dauka, Ibon Euskal Herrian dagoen bitartean ere, mobilizazio ildoa mantentzeak eta berau areagotzeak. Horregatik Iparra galdu baik palataformak Ibonen epaiketaren harira antolaturiko mobilizazioetan parte hartzea eskatzen dizue guztioi”.
Larriki gaixorik dauden presoak etxeratzeko manifestazioa, Ondarroan
Elkarretaratzera joan nahi dutenentzat autobusa antolatu da Ondarroatik zuzenean. 09:00etan irtengo du autobusak Zaldupetik eta bertan joan nahi dutenek, Kulixkan edo Anaitasuna tabernetan eman beharko dute izena.
Hain zuzen ere, 10:45etik aurrera, preso sozial batek jarritako salaketaren harira epaituko dute Iparragirre, Buenos Aires kaleko epaitegian. “Basauriko kartzelan zela, 2o14ko apirilean, eraso bat jaso zuen Ibonek beste preso sozial baten eskutik. Hainbat ukabilkada jaso zituen Ibonek, eta salaketa jarri zuen. Bere erasotzaileak, ostera, eskuan zauri bat zuela argudiatuta, Ibon salatu zuen. Ibonek jarritako salaketa artxibatu bazen ere, bere aurkakoa aurrera eraman dute”.
Hurrengo egunotan epaitzeko, ordea, Iparragirre Alcala Mecoko kartzelatik Euskal Herriratu duten erak haren ingurukoak oso kezkatuta dituela ohartarazi du Iparra Galdu Baik plataformak.
Datorren martitzenean Bilbon epaitua izateko, aldiz, Alcala Mecotik
Basauriko edo Zaballako kartzelara tokiz aldatuko dutela uste dute plataformako kideek. Euskal Herriratzea, hortaz, hurrengo orduetan edo egunetan egingo denaren susmoa dute. “Ez dakigu zehatz noiz hurbilduko duten”.
Bestalde, preso ondarrutarra nola
Euskal Herriratuko duten erak zeharo kezkatuta ditu haren ingurukoak. “Eskuburdinekin eskuak gerriaren atzekaldean lotuta furgoi batean sartzen badute, bere osasun egoera oraindik ere txarragoa bihurtu daitekeenaren beldu gara. Orain makal baldin badago, horrelako bidaia luze baten ostean nola gera liteeken ez dugu pentsatu nahi ere egin”.