Euskararen arnasgune izateaz harro daudela erakutsiko dute zapatuan, urriak 17, Lea-Artibaiko bizilagunek Markina-Xemeinen ospatuko duten Arnasgune Egunean. Jai handia prestatu du horretarako Lea-ArtiBAI Euskarari elkarteak. “Arnasgune bat garela ospatu eta hori horrela izaten jarraitzeko erantzukizuna ere gure esku dagoela gogoratuko dugu jaian”, azaldu dute.
Euskara Eguna Markina-Xemeinen
17:00etan hasiko da jaia Bertso Pilota izeneko desafioagaz. Lea ibarra eta Artibai ibarra aurrez aurre jarri eta bertsotan eta pilotan zein baino zein hobeago den ariko dira. Lea-Artibaiko pilotari gazteek jokatuko dute pilotan frontoi txikian, eta Aissa Intxausti bertsolari lekeitiarrek eta Iratxe Ibarra markina-xemeindarrak egingo dute bertsotan Learen alde batak eta besteak Artibairen alde.
Fede Badiola eta Ana Elordi Ondarruko aktoreen txanda etorriko da ondoren. Euskaragaz zerikusia daukan esketxa prestatu dutela aurreratu dute Lea-ArtiBAI Euskararikoek, baina ezustekoa mantendu nahi izan dute zapatura arte.
Atxondoa auzoan Teresa Donearen jaiak ere badirela eta, jaiagaz bat egingo du Arnasgunearen Egunak ere. Horrela, trikitilariekin batera Atxondoa zeharkaleraino joango dira kalejiran. Auzoko jaietako ekitaldietan parte hartuta, kalejiran egingo da buelta Plazabarripera, bertan izango da Euskararen Ekitaldia. “Lea-ArtiBAI Euskarariko ordezkari batek eta Uemako ordezkari batek arnasgune bat zer den, zer egin behar dugun arnasgune izaten jarraitzeko, ze kontzientziazio mailatan gauden eta gure harrotasuna zelan gauzatu azalduko dute”, aitatu dute jaiaren antolatzaileek.
Ekitaldiaren ondoren, erromeriagaz, Lekittoko Deabruak taldearen su ikuskizunagaz eta Munitibarko Ekaitza taldearen kontzertuagaz aurrera egingo du jaiak.
Beste alde batetik, euskarak eskualdeko enpresetan izandako bilakaera ikusteko aukera egongo da argazki erakusketa baten bidez. Kide, Eika, Cikautxo eta Fagor Arrasaten euskarak izandako eragina ikusteko aukera egongo da besteak beste.
EGITARAUA
- 17:00-18:00. BERTSO PILOTA frontoi txikian.
- Ondoren. Fede Badiola eta Ana Elordiren esketxa frontoian.
- 18:30. Trikitilariekin kalejira frontoitik Bikalera.
- 20:00. Euskararen ekitaldia Plazabarripean.
- Ondoren. Erromeria Gari eta Amaiagaz Plazabarripean.
- 21:30. Lekittoko Deabruak antzerki taldearen ikuskizuna Zelaian.
- 22:30. Ekaitza taldearen kontzertua Plazabarripean.