Lekeition intoxikatuta hil zen 13 urteko bikiaren aita aske utzi dute, karguekin
Joan den ekainean intoxikatu ziren Lekeitioko bi bikien aita aske utzi dute, karguekin, atxilotu eta egun batera. Semeetako baten heriotza eragitea eta bestea hiltzen saiatzeagatik inputatuta dago gizona.
Atzo atxilotu zuen Ertzaintzak, Bilbon, 38 urteko gizonezkoa eta gaur epailearen aurrean deklaratu ostean utzi dute aske. Fiskaltzak ez du behin behineko espetxeratzerik eskatu, baina ihes egin ez dezan pasaportea kentzeaz gain, semearekin kontakturik eduki ez dezan bestelako neurri batzuk ere ezarri ditu epaileak.
Atzo bigarren aldiz atxilotu zuten aita. Izan ere, Ertzaintza intoxikazioaren iturria ikertzen hasi zenean ere atxilo eraman zuten. Orduan, baina, kargu barik aske geratu zen ordu batzuetara.
Ekainean gertatutakoa
Ekainaren 26a zen [barikua] Lekeitioko 13 urteko bi anaia bikiak intoxikatu zirenean. Biak ospitalera eroan zituzten eta egun batzuk beranduago bat hil egin zen. Ertzaintza intoxikazioaren iturria ikertzen hasi zen eta hasiera baten aita atxilotu zuten. Ordu batzuetara, aita, 38 urteko gizonezkoa, aske geratu zen.
Komunikabide ezberdinek jakitera eman zutenez, bi anaiak aldi berean gaixotu ziren ekainaren 26an, Lekeitioko leku ezberdinetan egonda, eta artatu zituzten medikuek uste izan zuten produktu toxikoren bat edo txarto zegoen zerbait jan zutela.
Bi anaiak Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo) eraman zituzten helikopteroz, baina horietako bat uztailaren 1ean hil zen.