Ondarroako Kalare Deuna kofradiako arduradunek adierazi dutenez, sardina asko saldu da egunotan bentan. Gaur [urriak 15], esate baterako, 200 tona baino gehiago lehorreratu dituzte baxurako hainbat ontzik. Teilagorrietatik (Landa inguruan) bueltan eguerdi aldean porturatu dira gehienak, 11:30ak eta 12:30ak bitartean.
‘Siempre Landera’ ontziko marinelak arraina deskargatzen
Adituen arabera, gainera, gaur saldutako sardina aurreko egunetan baino “garbiagoa” izan da. “Aurreko egunetan saldu den gehiena nahastuta etorri da, txitxarro txiki eta antxoa artean. Gaurkoa, ostera, garbiagoa datorrela dirudi. Hortaz, ez da bereizketa handirik egin behar izan”.
Sardina asko dagoela eta, gainera, egunotan sardinatan ari diren ontziak nabarmen gehitu dira; Colindres (Kantabria), SantoƱa (Kantabria) eta Laredo (Kantabria) aldetik etorritakoak dira asko. Era berean, eskaintza handia zela kontutan hartuta, bentara ere erosle asko bertaratu da. Gaur, esaterako, goizeko lehen orduetarako ontziak noiz helduko zain zeuden asko.
Baxurako arrantzaleak arraina deskargatzen
Gaur ez eze, astean ere saldu da sardina, baina modu apalagoan. Martitzenean 91.500 kilo eta eguaztenean 20.000 kilo saldu ziren Kalare Deuna kofradian. Tamaina aldetetik nahiko handia izan zen arraina, kiloan 20-25 ale bitartekoa. Eskaria handia egon dela eta, prezio onean saldu dute arrantzaleek, 1,02 eta 1,20 euroan.
Bestalde, hegaluzetan ari diren ontzi askok atunetari utzi eta sardinetan hastea erabaki dute asteon. Kofradiako arduradunek azpimarratu dutenez, Getaria inguruko ontzi bakar batzuk besterik ez dute jarraitzen.
Arrantzaleak arraina deskargatzen
Asteon, esaterako, martitzenean bakarrik saldu zen hegaluzea Ondarroan. Kostaldetik hurre harrapatutako 1.700 kilo, bataz beste 2,88 euroan saldu ziren. Tamaina txikikoak izan ziren gehienak, eta horiek saldu ziren merkeen. Tamaina handikoak, ostera, zer edo zer garestiago saldu ziren, 6,70 euro inguruan.
Sardinatan edo atunetan ez dabiltzen beste baxurako ontziek, ostera, denetariko arraina arrantzatu dute. Ez da aparteko arrantza handirik egon, txitxarroa, melba eta haginzorrotza saldu dira bereziki.