18.292 bisitari jaso ditu udan Lekeitiok, turismo bulegoaren arabera
Lekeitioko turismo bulegoak jakitera eman duenez, aurten, bulegoak bisitari asko jaso ditu. Zehatz esateko, 18.292 bisitari zenbatu ditu turismo bulegoak. Bisitari gehienak bizkaitarrak izan direla jakitera eman dute. “Bisitari bizkaitarren atzetik madrildarrak eta katalanak izan dira herrira gehien etorri direnak”. Atzerritarrei dagokienez, frantsesak, Erresuma Batukoak, alemanak eta holandarrak izan dira nagusi, hurrenez hurren.
Bisitariek gehien eskatzen duten informazioa Lekeitiori buruzkoa eta oro har Bizkaiari buruzkoa dela esan dute turismo bulegoko arduradunek. “Euskal kostaldeko informazioa ere eskatzen dute. Planoak, mapak, leku interesgarrien informazioa eta museoen gaineko xehetasunak eskatu dituzte”. Jateko, lo egiteko eta jardueren informazioa ere eskatzen dute.
Itsas Ondare Zentroak jasotako bisitei dagokienez, iazko antzekoak izan direla esan dute. “Uztailen eta abuztuan zer edo zer gehiago egon da. Baina orokorrean datuak 2014koen antzekoak dira”.
Aurten, baina, Santa Maria basilika bisitatzeko aukera eduki dute turistek. Eta emaitzak “baikorrak” izan direla diote. “Abuztuan eta irailean egin dira bisitak eta guztira 1.275 pertsonak bisitatu dute; bisita libre, gidatuak eta audiogidak egin dira”. Emaitza horien aurrean, turismo bulegoa eskaintza hori behe denboraldietan bermatzeko pausoak ematen ari da.
Behe denboraldiko eskaintzak
Turisten interesak neurtuta, orain, behe denboraldian, udan eskaini duten eskaintzei eutsiko dietela esan dute. “Ondoko eskaintzak edukiko ditugu: Marierrotan tailerrak, Lekeitio Arrantzale, Santa Katalina itsasargian tailerrak, ibilbide gastronomikoa eta Slow ibilbidea”. Ekintza horiek guztiak egutegi baten bildu ditu turismo bulegoak. Horrela, egunero jarduera bat eskainiko dutela aurreratu dute.
Horietan parte hartzeko, aurretiaz izena eman beharko dela esan dute. Horretarako, interesatuek turismo bulegora deitu (94-684 40 17) edo joan beharko dute. “Eskaintzen helburua ondokoa da: udatik kanpo eskaintza bat sortzea bisitariak erakartzeko. Horrela, urte osoan bisitariak edukitzea ahalbidetzen da, ez udan soilik”.