Ikasketaz ingeniaria eta ogibidez Lanbide Heziketako irakaslea baldin bada ere, azken hamabost urteak zinema eta telebistan hainbat lanetan parte hartzeko aukera izan du Ander Odriozola (Ondarroa, 1978) zinemagileak. 2014 bukaeran aurkeztu zuen berak zuzendu, idatzi eta ekoitzitako
Bingen bere lehen filma, eta hainbat tokitan aurkeztu ostean, Ondarroako
Marabilli Sormen Festibalean aurkeztu du zinta, estreinako.
Nondik sortu zen Bingen filma egiteko ideia?
Airean izena zuen telesaileko lehen kapitulua izango zena grabatu genuen 2010ean, baina proiektuak ez zuen aurrera irten. 40 minutuko behar bat egiteko gai ginela ikusirik, film luze bat egitea bururatu zitzaidan. Telesaila grabatzen aritu zen inguruko talde teknikoari eta aktoreei nire burutazioaren berri eman nien, eta denei ideia ona zela iruditu zitzaien.
Zer generotako pelikula da?
Komedia bat da. Oro har, erraz ikusteko film bat da. Lehen lan honetan inor ez aspertzea erabaki nuen.
Ander Odriozola Argoitia zinema zuzendari ondarrutarra. Argazkia: Klik Klak/Manuelistak
Zenbat egunetan grabatu zenuten?
Grabaketa lanak egun gutxian egin genituen, hamabi bat egunetan. Ekipo txiki bat erabili genuen, eta, oro har, makillaje barik eta argiztatze handirik gabe egindako lana da. Horrez guztiak, arinago ibiltzeko aukera eman zigun, eta, hortaz, norberak eta aktoreek ere askatasun handiagoa izan genuen.
Filma ekipo txiki bategaz grabatu zenuela diozu. Eta hori?
Gaur egun, argazki kamerek bideoa grabatzeko aukera ere ematen dute. Hain zuzen ere, kalitate handian grabatzen dute, zinema egiten den kalitatetik nahikoa hurre. Argazki kamerek, gainera, bideokamerek ez modura, objektiboak aldatzeko aukera ematen dute, irudiaren kalitatea nabarmen handituz. Zineman erabiltzen diren ekipoek askoz diru gehiago balio dute, eta gaur egungo argazki kamerek eskaintzen duten kalitatea ikusirik, ez du merezi hainbeste diru gastatzea.
Eta zer nolako ekipoagaz grabatu zenuen lana?
Panasonic GH2 bat erabili genuen. Kamera, gainera, deskatalogatuta zegoen, eta oso merke erosi genuen.
Filmatzea egun gutxikoa, eta materiala ere nahikoa merkea izaneran, filma ekoiztea garestia izan al da?
Ez, nahikoa diru gutxigaz egin dugu. Antzerako film asko ere kostu oso txikiagaz ekoizten dira egun, eta guk ere horrela egin behar genuela iruditu zitzaigun.
Filma muntatzerako orduan, grabatutakoagaz alderatuta aldaketa asko egin al zenituen?
Filma muntatzerako orduan, ez zen aldaketa nabarmenik egon. Sekuentzia bakarra kendu nuen, soberan zegoelako.
Eta editatzeko orduan, edizio lan asko eskatu zizun?
Egia esan, denbora asko egin nuen muntaketa guztia egiten. Ordu eta erdi inguruko istorio bat editatzeko, ordu asko sartu behar dira.
Beharretik kanpo ere, nahikoa lan izan duzu orduan.
Bai. Nire beharraz gain, denbora libre asko eskaini behar izan diot proiektuari. Gauzak geldika-geldika egiten joan nintzen, ahal nuen modura, eta azkenean, urtebete inguru egin nuen. Oso luzea izan zen prozesua.
Ander Odriozola Argoitia zinema zuzendari ondarrutarra. Argazkia: Klik Klak/Manuelistak
Grabatzen ari zinetela gidoia aldatu egin zen ala aurrez idatzi bezala egin zenuten guztia?
Istoria hasiera batean idatzita zegoen bezala grabatu genuen. Hala ere, zati batzuk zer edo zer ere aldatu genituen. Grabatzen ari ginela aktoreek euren iritziak ematen joan ziren, eta kasu batzuetan, ondoen zer geratzen zen probatzen aritu ginen. Horren harira, aktoreek inprobisatzeko aukera ere izan zuten, baina, orokorrean, hasierako ideiari jarraitu genion, aldaketa gehiegirik egin barik.
Filma hainbat tokitan aurkezteko aukera izan duzu. Orain arte egin dituzun aurkezpenetan zelako harrera eduki du?
Nahikoa gustura geratu gara jaso ditugun kritikekin. Egin diren proiekzio askotara joateko aukera izan dut filmaren berri ematera, eta gustura bueltatu naiz. Jendea pozik ikusi dut. Ikusleak, batez ere, baliabide gutxigaz istorio bat kontatzea lortu dugula ikusteaz harrituta geratu dira.
Zelako harrera eduki du Ondarroan?
Norbere herrian lan bat erakusteak, beti ere, errepestua eragiten du. Azken finean, bi urtez egindako beharraren inguruan herrikoek eta etxekoek esan dezaketenaren beldur izaten zara.
Hasierako urduritasunak alderatuta, gustura geratu zinen?
Bai, oso gustura geratu nintzen Ondarroan egindako aurkezpenagaz.
Etorkizunera begira, beste proiekturen bategaz hasita al zaude?
Eusko Jaurlaritzak gidoi zinematografikoak egiteko ematen duen beka bat irabazi dut. Diru laguntza horregaz, modu batean, nire hurrengo proiektua finantzatu ahal izango dut.
Eta zelan doa gauza?
Dagoeneko proiektua idatzita daukat. Momentu honetan grabaketa lanak non eta noiz egin ditzakegun darabilt buruan bueltaka.
Lan berria noiz grabatzeko asmoa daukazu?
Udaberrian grabatzen egon nahiko nuke.
Eta zein generotako filma izango da?
Oraingo honetan beste genero batekoa izango da, istoriaren muina dramatikoagoa izango da. Egin ditudan azken bi lanetan [
Airean eta
Bingen] komediagaz gustura aritu naiz, baina generoz aldatu, eta beste gauza batzuk probatzeko gogoa neukan.
Egindako gidoi berriagaz gustura geratu zara?
Oso gustura geratu naiz.
Eta zenbat denbora aritu zara gidoia idazten?
Bingen-ekin gertatu modura, urtebete inguru behar izan dut dena pentsatu eta ondo idazteko.
Beka lortu ezean proiektu berriagaz aurrera jarraituko zenukeen?
Baietz uste dut. Izan ere, gauza berriak egiteko ideiagaz nebilen aspalditik.
Pelikula berria ere argazki kamera bategaz grabatzeko asmoa duzu?
Oraingo honetan ekipo hobeago bategaz grabatzeko asmoa daukagu. Horrez gainera, lehen ez modura, filmatze lanak egiterako orduan teknikari batzuen laguntza izatea ere espero dut. Bestalde, eszenografia aldetik ere, zer edo zer landuagoa den filma egin nahi dut. Hala ere, lan egiteko era lehengoaren antzerakoa izatea nahiko nuke. Aktoreak gustura aritu zirela uste dut, eta oraingo honetan ere, azkar eta askatasun handiagaz grabatzea nahiko nuke. Grabaketa ez eze, editatzea ere laguntzagaz egingo dudala uste dut, lanak azkartzeko.
Bingen-en muntaketa oso luzea izan zen, eta ez nuke nahi hainbeste luzatzea.
Azken proiektu horrez gain, beste ezer badaukazu esku artean?
Egia esan, badut beste proiektu bat buruan, baina ezin dut ezer aurreratu. Nire asmoa, luzera begira film gehiago egitea da.